Langabeziak pandemiaren aurreko maila altuagoetan jarraitzen du

2021/07/13
Langabeziak behera egin du azken hilabeteetan, enplegu prekarioak sortzearen kontura; hala ere, pandemiaren aurreko maila altuagoetan jarraitzen dugu

Langabezia 13.830 pertsonatan murriztu da 2021ean Hego Euskal Herrian, zifra hau oso urruti geratzen da 2020an suntsitu ziren 21.000 lanpostutik. Gainera, ekainean langabeziaren beherakada moteldu egin da, 2.533 langabe gutxiago egon dira, nahiz eta ekaina hilabete "ona" izan ohi den enpleguarentzat.


Europarekin alderatuta, HEHren langabezia-tasak Europako batez bestekoaren oso gainetik jarraitzen du; Hego Euskal Herrian, tasa % 12koa da, eta Europar Batasuneko batez bestekoa, berriz, % 7,2koa. Beraz, datuek erakusten dute langabeziaren igoera askoz handiagoa izan dela HEHn EBko kide diren herrialdeetan baino.

 

Kontratuetako datuek erakusten dutenez, prekarietateak bere horretan jarraitzen du, kontratuen gehien-gehienak aldi baterakoak eta ziklo ekonomikoarekiko sentikorrak baitira. 2021ean egindako 10 kontratutik 9 baino gehiago aldi baterakoak izan dira Hego Euskal Herrian.


Enplegua ez duten pertsonei dagokionez, desenpleguan inskribatutako pertsonen erdiek baino gehiagok ez zuten inolako prestaziorik jaso maiatzean; zifretan, 88.426 pertsona egon ziren inolako prestaziorik gabe. Gainera, lau langabetik batek ( % 25) soilik kobratu du kontribuzio-mailako langabezia-prestazioa.

 

Egoera horren aurrean eta azken egunetako lan-erreformaren inguruko albisteen aurrean, aukera bakarra PSOEren eta PPren lan erreformak erabat indargabetzea da, hauek soldaten debaluazioa eta prekarietatea baino ez baitiote ekarri langile klaseari. Zentzu horretan, elkarrizketa eta hitzarmen soziala baztertu behar dira, patronalari beto eskubidea ematen diolako lan erreformak indargabetzeko orduan. Beraz, langile-klasearen pobretze egoerari aurre egiteko eta horien lan-baldintzak hobetzeko, elkarrizketa sozialaren adostasunetik kanpoko neurri irmoak hartu behar dira.