Langabeziaren beherakada, baina krisiaren aurreko mailatik urrun
Langabezian jaitsiera handiena izan duten sektoreak honakoak izan dira: industria 856 langabe gutxiago(-%3,9), zerbitzuak 4.032 eta eraikuntza 316 (-%2,8). Nekazaritzaren sektorean 571 langabe gehiago daude (+%12,1). Industriak eta zerbitzuen sektoreak bultzatuta, datuek hobera egin duten arren, sektore horiek otsaileko mailatik urrun jarraitzen dute.
Urte arteko datuei dagokienez, 2019ko urriarekin alderatuz, datuak ez dira positiboak. Langabezia %20,5 hazi da Lan Ministerioak emandako datuen arabera. Horrek esan nahi du, orain dela urtebete baino 30.180 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian.
Bestalde, gazteen langabeziak behera egin du 1.446 pertsonatan (-%7,6); 2020an behera egin duen bigarren aldia da. Hala ere, zifra horiek ez dute gazteak bizitzen ari diren egiturazko arazoa konpontzen. Prekarietatearen arazoari 17.570 pertsonari eragiten dien langabezia gehitu behar zaio; horrek suposatzen du gazteen langabezia %49 igo dela otsailetik hona.
Pandemiaren bigarren bolada honen aurrean eta ziurgabetasun-testuinguru honetan, langile klaseak administrazioen aldetik neurriak behar ditu. Beste enplegu-politika batzuk behar dira, ekoizpen-eredua aldatuko dutenak eta enplegua baldintza duinetan sortu eta finkatuko dutenak. Horretarako, inbertsio handiagoa egin behar da sektore publikoan, eta gobernuek esku-hartze handiagoa izan behar dute sektore estrategikoetan. Neurri horiekin batera, pandemiak gehien kaltetzen dituen sektoreentzako laguntzak eman behar dira, pobrezia-egoerak saihesteko.