Asteko lanaldia

Lau eguneko lanaldiaren arrakasta, lanaldia 32 ordura murriztuta

2023/03/07
Britainia Handiko 61 enpresatan egindako eta 2.900 langilek parte hartutako proba pilotu baten emaitzek erakutsi dutenez, lanaldiaren murrizketak eragin positiboa izan du, bai langileen ongizatean, bai produktibitatean. Enpresen % 92k lau eguneko astearekin jarraitu nahi du.

6 hilabetez (2022ko ekaina eta abendua bitartean) orain arte lanaldi-murrizketari dagokionez egindako proba pilotu handiena egin zen. Hainbat sektore eta tamainatako enpresek parte hartu zuten, behartuta ez zeudenak lan-denboraren murrizketa mota bat modu zurrunean ezartzera. Premisak ziren soldata % 100ean mantentzea eta lan-denboraren murrizketa esanguratsua izatea.

Enpresa bakoitzean diseinu zehatza adostu zen, sektorearen, antolaketa-erronken, sailen egituren eta lan-kulturaren arabera. Beraz, lau eguneko aste mota ezberdinak garatu ziren. Adibidez, bideojokoen enpresa batean garrantzitsua zen langile guztiak une oro aurrez aurre egotea, eta, beraz, guztiak egun berean libratzea erabaki zuten. Beste enpresa batean bi taldetan banatu ziren, talde bat astelehenean eta bestea ostiralean libratuz. Ostalaritzaren sektorean, udan lan gehiago egiten da, eta 32 orduko asteko lanaldia erreferentziatzat hartuz eta udan ordu gehiago eta neguan gutxiago lan egitea erabaki zen.

Txostenaren emaitzak enpresek emandako datuetan, langileei egindako inkestetan eta pilotu-aldian egindako elkarrizketetan oinarritzen dira, eta neurketa-puntuak ematen dituzte probaren hasieran, erdian eta amaieran. Txostenaren arabera, emaitza oso arrakastatsua izan da. Horren erakusgarri da parte hartu duten enpresen % 92k lanaldi-murrizketarekin jarraitu nahi duela, eta 18 enpresak berretsi dute politikak etengabeko aldaketa ekarriko duela.

Ekimen honen onura nagusia langileen ongizatea hobetzea izan da. % 39a ez zegoen hain estresatuta, eta % 71k neke-maila murriztu zuen. Halaber, antsietate-, neke- eta lo-arazoek behera egin zuten, eta osasun mentalak eta fisikoak, berriz, hobera. Urte arteko alderaketan, gaixotasunagatiko bajak % 65 murriztu ziren. Neurriak familia eta sozializazioa hobeto uztartzen ere lagundu zuen, ordaindutako lana zaintza-ardurekin konbinatzeko gaitasuna hobetuz.

Enpresei dagokienez, lanaldi-murrizketa gorabehera, haien diru-sarrerak % 1,4 igo ziren aurreko urteko aldi beraren aldean. Are gehiago, diru-sarrerak aurreko urteekin alderatuta, enpresek adierazi zuten diru-sarrerak % 35 igo zirela.

Zalantzarik gabe, emaitzak positiboak dira, baina testuinguruan kokatu behar dira. Esperientzia pilotu horiek kaudimena duten enpresetan izaten dira normalean, eta langileek lan-baldintza hobeak izaten dituzte. Baina ez da ahaztu behar lan-prekarietatea gero eta hedatuago dagoela eta kolektibo hori gutxiegi ordezkatuta dagoela horrelako azterlanetan. Lanaldi-murrizketaz ari garenean, soldataren % 100 bermatu behar den ala ez eztabaidatzen ari gara, baina pertsona askok soldata txikiak dituzte eta benetako arazoak dituzte hilaren amaierara iristeko. Edo lanaldi partzialak dituzten pertsonak daude, ordu gehiago lan egin nahiko luketenak. Argi dago langileak prekarizatzen dituzten enpresek ez dutela parte hartzen proba pilotu horietan.

ELAn urteak daramatzagu lanaldia 35 ordura murrizteko eskatzen, 32 ordura bidean. Hori guztia lan-baldintza duinak bermatuta eta soldata murriztu gabe. 4 eguneko asteko lanaldia norabide horretan doan aukera da, baina ez bakarra. Kontuan izan behar da, halaber, egun bakoitzean lanaldia murrizteko aukera. Horrelako proba pilotuak, zalantzarik gabe, abiapuntu ona dira, baina prozesu honetan inor atzean geratzea ekidin behar da.