EGOERA EKONOMIKOA

Lau gaztetik bat langabezian dago

2023/07/27
Landunak aurreko hiruhilekoan baino 44.400 gehiago izan ziren Hego Euskal Herrian, eta urtetik urterako alderaketak erakusten du duela urtebete baino hobeto gaudela, 46.400 landun gehiago baitaude. Inkestaren arabera, 1.273.000 landun daude Hego EHn, azken urteetako kopururik handiena, baina 2008tik urrun gaude oraindik, urte hartan 1.315.000 landun izatera iritsi baitzen. Enpleguaren igoera zerbitzuen sektoreak bultzatu du (+46.600), eta neurri txikiagoan industriak (+6.200); aitzitik, eraikuntzaren sektoreak enplegua suntsitu du berriro ere (-7.800).

Kontratuen behin-behinekotasunari erreparatzen badiogu, ikus dezakegu azken hiruhilekoan kontratu mota hori duten pertsonak 22.100 gehiago izan direla, eta iraupen mugagabekoak, berriz, 13.700 gehiago. Beraz, behin-behinekotasun tasa puntu eta erdi igo da, %20,5era arte. Esan behar da emakumeek prekarietate handiagoa pairatzen dutela, behin-behinekotasuna %24,2ra handitu baita. Era berean, azpimarratu behar da sektore publikoko tenporalitate tasak oso handiak izaten jarraitzen duela, batez ere EAEn, %49,6ko langara iritsi baita dagoeneko.

Emakumeei gehien eragiten dien beste gai bat da nahi gabeko lanaldi partziala. Lau emakumetik batek (%26) lanaldi partzialeko kontratua du; gizonen artean, berriz, %7koa da. Hori da emakumeek lan eremuan jasaten duten diskriminazioaren beste erakusgarri bat.

Langabeziari dagokionez, 103.500 langabe daude Hego Euskal Herrian, hau da, 22.900 pertsona gutxiago aurreko hiruhilekoan baino. Jaitsiera hori batez ere emakumeen artean gertatu da (-17.400). Horrela, Hego EHko langabezia %7,5era jaitsi da (%7,7 emakumeen artean eta %7,3 gizonen artean). Aipatzekoa da gazteen egoera prekarioa; izan ere, gazteen langabeziak gora egin du berriro, eta % 26ra iritsi da ( %24,8 EAEn eta %29,9 Nafarroan).

Oro har, datu positiboak ditugula ondoriozta dezakegu; hala ere, sortutako enpleguaren zati bat enplegu prekarioaren eta urtaroaren araberakoa izan da. Gainera, adierazi behar da behin-behinekotasuna %20tik gorakoa dela berriro, eta gazteen langabeziak oso handia izaten jarraitzen duela.