Lau gaztetik bat lanik gabe dago

2022/01/27
2021eko azken hiruhilekoko Biztanleria Aktiboaren Inkestako datuak baikorrak diruditen arren, atzean behin-behinekotasun tasa handiko enpleguak daude eta enplegu egonkorraren sorrera txikia. 21.400 pertsona gehiago daude lanean, aurreko hiruhilekoaren aldean; igoera hori ia erabat gertatu da 55 urtetik gorakoen artean, 21.000 pertsona gehiago baitaude lanean adin tarte horretan. Hala ere, 6.000 gazte okupatu gutxiago daude.

Sektoreei dagokienez, industrian okupazioak jaitsiera oso handia izan du aurreko hiruhilekoaren aldean, enpleguaren sorrera, beste behin ere, zerbitzuen sektorearen gorakadatik dator. Era berean, inkestak adierazten du enpleguaren hazkundea norberaren konturako langileetatik etorri dela, hain zuzen 15.600 gehiago izan dira.

Kontratuen behin-behinekotasunari erreparatzen badiogu, ikusten da azken hiruhilekoan kontratu mota hori duten pertsonak 7.200 gehiago izan direla, eta iraupen mugagabekoak 1.800 gutxiago. Beraz, behin-behinekotasuna %25era igo da HEHn, Europar Batasunean baino 10 puntu gehiago. Beraz, ondoriozta dezakegu lehen begiratuan datuek positiboak diruditen arren, atzean behin-behinekotasun handiko enpleguak daudela eta enplegu autonomoan oinarritutako enplegu ezegonkorrak izan direla hazkundea izan dutenak.

Langabeziari dagokionez, 2021a 119.900 langaberekin amaitu da Hego Euskal Herrian, aurreko hiruhilekoan baino 17.500 gutxiago. Langabezia tasa %10etik jaitsi da HEHn, %9,9 Nafarroan, eta %8,3 EAEn. Hala ere, guztiak ez dira albiste onak langabeziari dagokionez; izan ere, lau gaztetik bat egoera horretan jarraitzen du, eta, bestalde, Europar Batasuneko langabezia tasa askoz txikiagoa da ( %6,7).

Une erabakigarria dugu lan erreformari dagokionez. PSOEk eta UPk legegintzaldi honetan erabat indargabetzea hitzartu zuten. Hala ere, Gobernuak, patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek lortutako akordioak hobekuntza txiki batzuk baino ez ditu, langile klasearentzat oso kaltegarriak izan ziren erreforma gehienak sendotzearen truke. ELAren ustez lan erreforma hau ezin da onartu, eta 2010eko eta 2012ko erreformak indargabetzea exigitzen du.

Horregatik, ELAk Kongresuan dauden alderdi politikoei exigitzen die erreforma horiek ez onartzeko eta negoziazioei berriro ekiteko, baina oraingoan patronalari beto eskubiderik eman gabe.