ENPLEGUA

Lau kontratutik hiru aldi baterakoak izan dira 2023an

2024/01/03
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako datuen arabera, 2023ko abenduan urtebete lehenago baino 4.641 pertsona gutxiago zeuden langabezian. Azpimarratzekoa da langabezian dauden 10 pertsonatik ia 6 emakumeak direla, enplegua duen jende kopuruaren erdia baino gutxiago izan arren. Datu hau, pairatzen duten prekarietatearen beste erakusle bat da. Langabezia tasa %10,8koa da, Europar Batasunean baino lau puntu handiagoa, urrian % 6koa izan da (azken datua).

Kontratazioaren datuei dagokienez, 2023an sinatutako kontratuen %75,2 aldi baterakoak izan dira HEHn, hau da, lau kontratutik hiru aldi baterakoak izan dira.

Langabezian izena emanda dauden pertsonen egoera kezkagarria da oso. Langabeen erdiak baino gehiagok (% 51,4k) ez du prestaziorik edo langabezia subsidiorik kobratu 2023ko azaroan (eskuragarri dagoen azken datua). Gainera, langabeek duten estaldura ez da nahikoa: soilik %28,1ek kobratu du kotizaziopeko prestazioa (1.045 eurokoa Nafarroan eta 1.011 eurokoa EAEn, batez beste), eta % 20,5ek kobratu du subsidioa edo gizarteratzeko errenta aktiboa, 480 eurokoa. Gainontzekoek, ez dute langabezia prestaziorik edo subsidiorik jaso.

Aldi baterako kontratazioak, lan prekarietateak eta prezioen eta etxebizitzaren igoerak langile klasea pobretzearen aurka antolatu eta mobilizatu beharreko egoeran jartzen dute.