Lehen hiruhilekoan sinatu diren kontratuen %91,1 behin-behinekoak izan dira

2019/04/02
Enplegu zerbitzu publikoak argitaratutako martxoko datuek aditzera eman dutenez, Hego Euskal Herrian 151.645 pertsona daude langabezian, horietako %57,7 emakumeak dira, hau da, 87.541. Bilakaerak erakusten duenez, azken hilabetean 2.057 langabe gutxiago daude; 11.429 gutxiao azken urtean. Kontratuen behin-behinekotasuna, ordea, areagotu egin da: martxoan sinatu diren kontratuen %91,8 behin-behinekoak izan dira.

Langabezia tasa, oraindik ere, europako bataz bestekoa baino askoz altuagoa da: 151.645 langabetu daude Hego Euskal Herrian, eta langabezia tasa %11,3koa da, alegia, 28-EBekoa baino 4,7 puntu altuagoa (%6,6koa da). Batez bestekoaren aldea hamarren bat murriztu den arren, Hego Euskal Herria Europako tasa altuena dutenen herrialdeetako bat da. 

Langabezian inskribatuta egon den %56,8k ez du inolako langabezia prestaziorik jaso otsailean (86.162). Eta kotizaziopeko langabezia saria soilik %26,6ak jaso du (40.336 langabetuk). Kotizaziopeko langabezia sariaren zenbatekoa murriztu egin da azken hilabetean, bataz beste, 879,9 eurokoa izan da EAEn, eta 904,6 eurokoa Nafarroan.