Martxan da Biziola, Goierrin beste ekonomia eredu bat bultzatzeko sarea

2022/02/14
Badira jada ia bi urte goierritar talde batek eskualdean ate joka zituzten erronkei Ekonomia Sozial Eraldatzaileak (ESE) barnebiltzen dituen elkartasunezko balioekin erantzun bat emateko biltzen hasi zirenetik.

 

Bide luze bezain oparoa egin dute: ESE filosofian eta ekintzailetza sozial kooperatiboan trebatzeko KoopFabrika, ekimen desberdinak ezagutzeko hitzaldiak (zaintza, kultura, etxebizitza...), Bizigaia proiektuan gorpuztu den ekoizpenetik kontsumora kate guztia barnebiltzen duen elikadura burujabetzarako lantaldea, Itsasondoko herri denda kooperatiboa, iazko azaroan ehun bat pertsona inguru batu zituen Beasaingo topaketa eta abar.

Hain zuzen, azken topaketa haretan azaldu zituzten eskualderako zituzten lau lan lerro nagusiak:

1.- Dagoeneko martxan dauden proiektu eraldatzaileen bisibilizazioa eta zabalkundea egitea, “identitate eta kultura eraldatzaile berri bat” eraikitzeko.

2.- Interkooperazioa eta lankidetza. Proiektuen arteko aliantzak josi eta horrela “eskala handiagoko proiektuei” heltzeko.

3.- Trebakuntza eta heziketa. Gauzak “beste modu batera ere egin daitezkeela ikasi egiten” delako.

4.- Aukera berriak eraikitzea. Egunerokotasun eraldatzaileak sortzeko “alternatibak eraikitzea beharrezkoa delako. Alternatibak kulturan, elikaduran, finantzetan, zaintzan, teknologian, industrian, garraioan…”.

Hori guztia, ESEren balioetan oinarrituta. Ekonomia ulertzeko honen erroetara itzuliz. Ez kapitalaren metaketa eta enpresen etekinak lehenesten dituen ekonomiara, pertsonen beharrizanak asetzera bideratutako tokian tokiko baliabide urrien kudeaketa lantzen duen zientziara baizik. Truke-balioaren (merkantzia) aurrean erabilpen-balioa (behar sozialen asetzea) lehenetsiz eta jabetza pribatuari komunala. Eredu neoliberal, patriarkal eta ekozidari alternatiba erreal bat eskaintzea, oinarrizko ondasun eta zerbitzuen desmerkantilizazioa sustatuko duen ekoizpen, distribuzio eta kontsumo eredu bertakotu eta iraunkor baterantz urratsak emanez eta, kapitalaren balioztatze esferatik at, giza garapenerako funtsezkoak diren behar material eta espiritualak asetzeko gaitasunean ardaztutako burujabetzak indartuz. Finean, bizitzarako funtsezkoak diren eremu sozioekonomikoetan alternatibak aurrera eramatea erdigunean jarriz.

Horretarako, eskualdeko eragile sozialak, ESEko kooperatibak, sindikatuak eta, bereziki, herritarrak batu nahi ditu sareak eta datorren martxoaren erdialderako bazkidetza kanpaina bat martxan jarriko dutela iragarri dute.