Momentu batean ere ez da egon aurrekontu sozialak izateko aukerarik

2018/12/28
"Eusko Jaurlaritzaren 2019ko aurrekontu proiektuak ez zizkion biztanleen beharrei erantzuten, ezinezkoa zen hasieratik". Hala adierazi du ELAko Azterketa Bulegoko arduradun Mikel Novalek. Prentsaurrekoan baieztatu duenez, argi zegoen hori hasieratik; izan ere, Eusko Jaurlaritzak Rajoyri agindu zion 2019ko aurrekontuaren hazkundea ez zela %2,7 baino handiagoa izango termino nominaletan (gastu araua). Hortaz, hortik abiatuta ez zegoen ezer egiterik.

Aurkeztu zuten proiektuak konpromiso hori zehatz mehatz betetzen zuen, Ogasuneko kontseilari Pedro Aspiazuk berak adierazi bezala, "gastu araua ezinbestean bete beharrekoa da, baina ados gaude horrekin”. ELAk aurrekontu proiektuaren balorazioa egin zuenean adierazi zuen bezala, berriz dio gastu arauak honetara garamatzala:

  • Publikoa den orok progresiboki pisua galtzen du ekonomian (2019. urtean Eusko Jaurlaritzaren funtzio propioek BPGaren %12,9 izango dira; 2009an %15,6koa izan zen).

  • Sail sozialak behar bezala hornitzea saihestu eta murrizketak justifikatu, honela zerbitzu sozialak okertuz (Europar Batasunaren azken postuetan gaude, eta jeisten jarraitzen dugu, osasunari edo hezkuntzari bideratzen zaion aberastasun zatiari dagokionez; aurrekontu proiektuak planteatzen zuen DSBE 2019an 2008an onartutako legeak adierazten zuena baino %28,7 baxuago izatea).

  • Errenta altuen, enpresen eta kapitalaren deskontu fiskalak justifikatzea, bistan dagoenenean superabita existitzen dela eta ezin dela bideratu gastuaren hazkundera.

  • Aurrekontu politika erabakitzeko instituzioei ahalmena kentzea (gastu araua Madrilen erabakitzen da eta instituzio guztietan aplikatu behar da).

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak berak abenduaren 13an Gasteizen egin zuen ekimenean adierazi zuen bezala, “aurrekontuak zertan oinarritzen diren jakinda, alegia, gastu arauan oinarritzen direla jakinda, argi dago ez dagoela aukerarik ikuspuntu sozial batetik adostasuna erdiesteko”.

ELAk proiektuari ezetza eman zion eta indar progresistek (sindikalak, sozialak eta politikoak) posizio argia erakutsi behar zutela planteatu zuen, hiru elementutan oinarrituta:

  • Aurrekontu proiektuari ezetza ematea.

  • Gastu arauaren haustura planteatzea.

  • Diru sarrera publikoak hein handi batean handituko duen erreforma fiskala exijitzea (azken urteetan errenta altuei, enpresei eta kapitalari onartu eta mesede egiten dien deskontu fiskalak atzera botatzea; tipo progresiboagoa PFEZ eta Sozietateen gaineko zergan, alegia).

Aurrekontuen negoziazioa

Eusko Jaurlaritzak, gutxiengo batekin, aurreko urteetan egondako antzeko parametroen negoziazio bat planteatu zuen (hau da, aurrekontu kontinuista eta bababesa eskaintzen zionari diru kantitate minimo bat emango ziona, honela sail batzuetan gehiago bideratzeari aukera emango zion). Gainera, negoziazioa orain dela urtebete baino mugatuago zen, PPrekin erreforma fiskala adostu zelako (Sozietateen gaineko zergaren tipo nominalaren murrizte bat eman zen); orain, ordea, ez da planteatu inolako aldaketarik fiskalitateari dagokionez. 2018ko aurrekontuaren negoziazioan aurrekontu politika eta fiskala batu ziren; aurten, ordea, ez da halako aukerarik izan.

Eusko Jaurlaritzak argi utzi du 2019rako bere ildoa erabat neoliberala dela. Bi baldintza jarri zituen negoziaziorako: batetik, agindutako gastu araua betetzea; bestetik, bere eskumenen inguruan bakarrik hitz egitea (erreforma fiskalen edota pentsioen balizko erreformei buruzko eztabaidak kanpo utzi zituen).

EH Bildu baldintza horiekin aurrekontu negoziazioan sartzen prest egoteak gizartea nahastu besterik ez du egin. Esan dugun bezala, ez zegoen akordio sozial baterako baldintzarik. Eusko Jaurlaritzak ez du momentu baten ere erakutsi borondaterik pentsioen gaiari ekiteko.

ELAk gogorarazi nahi du, gainera, momentu hauetan Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari dela Eskubide Sozialen Kartak bultzatutako pobrezia eta baztertze sozialaren Herri Ekimen Legegilea, 51.000 pertsonak babestu dutena, hain zuen ere:

  • HEL hau, besteak beste, DSBEaren erreforma planteatzen du honen zenbatekoa hobetzeko helburuarekin (2008ko legean datorrena hobetuko luke, gaur egun ez baita hori ere aplikatzen) eta errezagoa egitea kolektibo orori hura jasotzea.

  • ELAk exijitzen du DSBEren erreforma HEL honen tamite parlamentarioan egitea eta onartezina deritzo DSBE erabili izana txanponaren truke bezala, aurrekontuaren tramitea eman denean, Eusko Jaurlaritzak argi eta garbi erakutsi duenean bere asmoa muturreko murrizketak aplikatzea dela.

  • 2008ko legea aplikatuko balitz, DSBEren zenbatekoari erreparatzean, zenbateko hori datorren urtean 924 eurokoa izan beharko litzateke bakarrik bizi diren pertsonentzat (1.050 pentsionisten kasuan).

  • Eusko Jaurlaritzak egin duen azken proposamenean DSBEren zenbateko horiek oso azpitik utziko lituzke. (783,65 euro bakarrik bizi diren pentsionistak ez diren pertsonentzat, eta 830,60 euro pentsionistentzat). Hau da, Eusko Jaurlaritzak argi zeukan hasieratik murrizketei ez ziela muzin egingo; murrizketa handiagoak edo txikiagoak negoziatzea zen kontua, baina betiere, murrizketak mantenduz.

Aipatutako guztia ikusita, honakoa ondorioztatu dezakegu:

  • Eduki batzuk (aurrekontuak adibidez) indar politiko batek babesteak ez du esan nahi hobeak edo okerragoak direnik.

  • 2019an Eusko Jaurlaritzaren 2018ko aurrekontuak luzatuko dira; baina hori ez da arazo bat exekutiba horrentzat, 2019rako aurkeztutako proiektua aurreko urteen luzapena zelako. Eusko Jaurlaritzak bere poltika neoliberala mantentzen du.

  • EH Bildu eta Eusko Jaurlaritzaren artean gauzatutako negoziazio prozesuak gizartera hedatu du aurrekontu sozial baten akordioa posible zenaren ideia faltsua. Nafarroan EH Bilduk duen posizio koherentearekin mantentzen dena. Nahasmena baina ez da sortu; errelatoa izan da euren kezka nagusia, aurrekontuen edukien analisi zehatza eta serioa egin beharrean.

  • EH Bilduk Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu ildoarekin ez konfrontatzea erabaki du, hain beharrezkoa den gastu arauaren haustura planteatzea ahaztuz eta diru bilketa handituko duen erreforma fiskal progresista baten exijentzia alde batera utziz.

  • ELAk berriz dio beharrezkoa dela aurrekontu politika eta politika fiskala errotik aldatzea; bide horretan ezinbestekoa da indar sindikalak, sozialak eta politikoak elkarrekin aritzea egungo politikak errefusatzeko, gure alternatibak agertzea, pedagogia aldaketa gauzatzea eta mobilizazio soziala bultzatzea.