Multinazionalek etekinen %40 paradisu fiskaletara transferitzen dituzte

2018/08/13
Botere korporatiboak imajinario kolektiboan ideia bat txertatu nahi du: enpresa eredu positiboak, jarraitu, babestu eta saritu beharrekoak, enpresa multinazional handiak dira. Agintari politikoak lehian dabiltza argazkia ateratzeko enpresa handi horietako buruekin (Iberdrola, Repsol, BBVA, Volkswagen, Arcelor Mittal edota Mondragon Taldea).

TTIP eta CETAren moduko belaunaldi berriko merkataritza itunen xedea da pentsamolde hori bedeinkatzea: Horien arkitektura juridikoak enpresa handien interes partikularrak lehenetsi eta defenditzen ditu, giza-eskubideen, eskubide ekonomiko, sozial, kultural eta ekologikoen gainetik.

 

Haatik, piska bat sakonduz gero ikusiko da enpresa transnazionalak ez direla inola ere eredugarriak. Artikulu honetan aztertu egingo dugu Berkeleyko unibertsitateko Gabriel Zucman irakasleak beste bi kiderekin batera (Thomas R.Torslov eta Ludvig S.Wier) idatzi duen txostena: “Nazioek galdutako etekinak”. Bertan analisia egiten dute gobernuek diru-sarrerak nola galtzen dituzten enpresek paradisu fiskalak baliatzearen ondorioz.

 

Ikerlan horretan islatzen da joera orokor bat: enpresek gero eta zerga gutxiago ordaintzen dute. Sarritan jaitsiera hori zuritzeko esaten da lurraldea kapitalarentzat erakargarri bihurtu behar dela (argudio hau aski ezaguna da euskal ogasunetako arduradunen ahotan).

 

Kontua da multinazional handiek ez dutela alde batetik bestera kapital handirik mugitzen. Benetan lekualdatzen dutena etekinak dira, nora eta zerga gutxiago ordaintzen den estatuetara. Enpresek hiru bidetatik egiten dute etekinen transferentzia:

  • Taldeko enpresen arteko esportazio-inportazio prezioen (hots, “transferentzia-prezio” direlakoen) manipulazioa.

  • Taldearen baitako interesen ordainketa (zerga kenketak dakartzatenak).

  • Intangibleen kokapen estrategikoa (hauek balioa duten aktiboak dira, baina ez dira fisikoak, esaterako marka edo patenteak).

 

Zucman, Torslov eta Wierren txostenaren ondorioa da multinazionalen etekinen gutxienez %40 paradisu fiskaletara igortzen direla. Hau da, enpresa hauek ingeniaritza fiskalaz baliatzen dira zerga askoz gutxiago ordaintzeko; horrek kutxa publikoei egundoko galera eragiten die.

 

Oso argi dago etekinak modu artifizialean mugitzen direla zerga handiagoak diren herrialdeetatik gutxiago ordaintzen direnetara. Ikerlanak erakusten du paradisu fiskaletan atzerriko enpresen errentagarritasuna askoz handiagoa dela bertako enpresena baino (ia 10 bider handiagoa Irlandan edo Luxemburgon). Aitzitik, paradisu fiskalak ez diren lekutan kontrakoa gertatzen da.

 

Gainera, ikusten denez, 70etako hamarkadatik hona egoerak okerrera egin du. Hots, badirudi paradisu fiskaletarako transferentzia egiteko politika gero eta usuago erabiltzen dela.

 

Unibertsitateko irakasle hauen analisiari esker uler daiteke, ondorioz, Observatorio de Responsabilidad Social Corporativa erakundeak dioen moduan Ibex 35-eko enpresek paradisu fiskaletan 1.285 filial izatea. Burtsako indize honetako enpresa guztiek gutxienez filial bat dute horrelako herrialdeetan (Iberdrolak 71 ditu, eta BBVAk, 53).

 

Bestalde, multinazionalen irabazien %17 besterik ezin da lurralde jakin batekin lotu. Eta muturreko kasua dugu Facebook: ez du aukera ematen bere etekinak non sortu diren jakiteko.

 

Azkenik, egileen beste bi ondorio aipatuko ditugu, elkarrekin lotuta daudenak:

  • Enpresen gaineko zergetan beheranzko lehian sartzeak esan nahi du ontzat ematen dela amaieran zerga-tasa zero izatea. Honek esan nahi du, halaber, errentaren gaineko zerga progresiboak ere desagertzen joatea. Horrela desberdintasuna areagotu besterik ez da egingo.

  • Enpresek ordaintzen dituzten zergak gehitzeko aukera dago etorkizunean, paperetako etekinak lekualdatzen baitira, eta ez kapitala. Gakoa ez da hainbeste globalizazioa, baizik lurralde bakoitzean ezarri nahi diren politikak.

 

Noski, horri beste gogoeta bat erantsi diezaiokegu: horretan guztian agintari politikoek lagundu egiten dute; kapitalarekiko duten menpekotasuna ezkutatzeko herritarrei gezurrak esaten dizkiete.