Nafarroako gizarte-babeseko gastua Europako batez bestekoa baino % 24 txikiagoa da

Nafarroako Estatistika Institutuak (Nastat) Nafarroako gizarte-babeseko gastuaren azterketa argitaratu du. Aztertutako azken urtea 2019 da (pandemia hasi aurretik, hain zuzen ere), 1996tik abiatutako serie baten . Azterketa horretan Europako estatuekiko alderaketa bat ere sartzen da.
2019an, Nafarroak bere BPGren % 20,5 bideratu zuen gizarte-babesera (4,597 milioi euro), 1996an baino 4,2 puntu gehiago. 1996tik 2019ra bitarte gizarte-babeseko gastuan izandako igoera hori biztanleriaren zahartzeak azaltzen du hein handi batean (65 urtetik gorako biztanleria % 48 handitu da aldi horretan), eta horrek pentsioetan eta osasunean gastu handiagoa eragiten du (pentsioak gizarte-babeseko gastuaren % 47,6 dira, eta osasun publikoa guztiaren %23).
Baina Nafarroan gizarte-babeseko gastua handitu den arren, 27-EBko gizarte-babeseko batez besteko gastuarekiko arrakala handia da oraindik. Nafarroan 2019an BPGren % 20,5 gizarte-babesera bideratzen zen bitartean, Europako batez bestekoa BPGren % 25,4 izan zen, 4,9 puntu gehiago. Hau da, gastua % 24 handitu beharko litzateke Nafarroan Europako batez bestekoa berdintzeko, edo, bestela esanda, urtean 1.103,3 milioi euro gehiago bideratu beharko lirateke gizarte-babesera. Gizarte-ongizatean gehien inbertitzen duten Europako lurraldeak Frantzia (Nafarroak baino % 41 gehiago), Danimarka ( % 36 gehiago), Finlandia ( % 34 gehiago) eta Alemania ( % 32 gehiago) dira. Autokonplazentziaz haratago, aldea izugarria da, asko dago egiteko.