Nafarroan diru-bilketak behera egin du eta zor publikoak gora. Murrizketak izango dira hurrena

2020/09/14
Nafarroak Estatu mailako Sozietateen gaineko Zergan presio fiskal txikienari eusten dio diru-bilketak %15,3 behera egiten duen bitartean, eta gutxienez 331 milioi euroko zorra jaulkiko den bitartean

 

Diru-bilketa %15,3 jaitsi da Nafarroan 2020ko lehen seihilekoan. Hau da, 2020ko urtarriletik ekainera 235,3 milioi euro gutxiago bildu dira 2019ko epe berean baino.

Krisi ekonomikoak eman du azken bultzada, baina sakoneko arazoa enpresen eta errenta altuenen neurrira egindako sistema fiskala da. Nafarroako sistema fiskalak presio fiskal txikia ezartzen die enpresei (estatu osoko txikiena) eta kapitalari, eta modu bidegabean biltzen du dirua, bilketaren zatirik handiena zeharkako zergei ezarriz (ordaintzen duenaren ahalmen ekonomikoa kontuan hartzen ez dutenei) eta zuzeneko zergen kasuan lan-errentei zamarik handiena ezarriz.

2020ko lehen sei hilabeteetan gertatutakoa bide beretik doa: bilketa %15,3 jaitsi da eta Sozietateen gaineko Zergaren bilketa %35,2. Bien bitartean, lan-errentei duela urtebete baino 20 milioi euro bildu zaizkie.

2019an, Sozietateen gaineko Zergaren presio fiskala BPGren %1,3 izan zen Nafarroan (274 milioi euro bildu ziren), eta zerga horren presio fiskala BPGren %1,9 izan zen Estatuan. Nafarroak enpresen karga fiskala Estatuko araudiarekin berdinduko balu, urtean 141,2 milioi euro gehiago bilduko lituzke.

Hala ere, Nafarroako Gobernuaren aukera zor publikoa jaulkitzea da (gutxienez 331 milioi euro 2020an) eta enpresei (batez ere handiei) pribilegiozko tratua ematen jarraitzea. Maria Chivite Presidenteak berak duela egun gutxi esan zuen ez dagoela "tarte handirik" erreforma fiskala egiteko. Ez da egia. Nafarroak Europako Batasuneko batez bestekoarekin duen presio fiskalaren aldea 1.640 milioi eurokoa da.

Enpresen eta kapitalaren pribilegioak mantentzea jasanezina da. Diru-bilketa jaisten ari da eta zor publikoa hazten. Murrizketak izango dira hurrena, zerga erreforma sakona egiten ez bada.