Europako funtsak

Next Generation funtsak: diru publikoa enpresa handien etekinak bermatzeko

2024/05/28
Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak (OMAL) ELArentzat egin duen txostenak aztertu du Next Generation funtsen inpaktua. Horren arabera, Europar Batasuna “bakearen ikur” denaren irudia eman arren, gerra eta militarizazio erregimenaren aitzindari bihurtu da, eta gorakada armamentistikoa proposatzen da krisi ekonomikoarentzako irtenbide gisa”. Hala azaldu dute prentsaurrekoan Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, Janire Landaluze sindikatuko Azterketa Bulegoko kideak, eta Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate OMALeko kideak.

Fernandezek esan duen bezala, ‘Europar Batasuna: Agenda oliba-berdea eta digitala enpresa transnazionalen zerbitzura’ txostenak aztertzen du europar funts publikoak jasoko dituzten euskal enpresen harremana. Izan ere, funts horiek ez dira itzuli behar ez diren Europako “diru laguntzak”, bazik eta itzuli egin behar dira (maileguari dagokion zatian), eta Estatu jasotzaileak behartzen ditu neurri antisozialak hartzera: lan erreformak, pentsioen murrizketa, enpresa eta aberatsenen mesederako fiskalitatea, eta kontratazio zein politika publikoen gaineko mugak. Beraz, austeritate politiketara itzultzera derrigortzen dute, 2025etik aurrera indarrean izango direnak.

Mitxel Lakuntzak azaldu duenez, europar funtsek espainiar gobernua behartzen dute pentsioetan %6,1eko murrizketak ezartzera 2025eko apiriletik aurrera (hau da, urtean 11.300 milioi euro). “Pentsioen erreforma erabaki zutenek ezkutatu egin nahi zuten etorkizuneko murrizketak ezartzen ari zirela”. Europar Batzordeak apirilean argitaratu zuen zahartzeari buruzko txostena: 2023an erabakitako pentsioen erreformak zehazten zuen hiru urtero berrikusiko zirela pentsioak, doikuntzak ezartzeko. “Europar funtsak –gogoratu du Lakuntzak– estatuen politiketan esku hartzeko mekanismo bat dira, eta Europar Batasunak aspaldidanik aplikatu izan dituen austeritate politiken baitan ematen dira. Egoera honen arduradun ere badira pentsioen erreformari bide eman zioten alderdiak, besteak beste EAJ eta EH Bildu. Bizkar eman zioten erreforma arbuiatzeko eskatu zieten erakundeei”.

Pentsioak murriztu armetan gastatzeko

“Belizismoa –salatu du Lakuntzak– gaur nagusi da politikan: gastu militar handiagoa, eta gastu sozial murritzagoa. Pentsioak txikiagotu nahi dituzte armak erosteko; hor dago koska. Hori da NG Funtsen Europa: gezur bat multinazional handien interesen alde egiteko. Egungo europar politikak ez dira berdeak, ez sozialak, eta haien iparra ez da bakea. ELAk ez du ezkutatu nahi gertatzen ari dena; hori salatzea ezinbesteko urratsa da bestelako Europa baten alde lan egiteko”.

OMALek egindako txostenak azaltzen du Next Generation funtsak, baita Euskal Herrian ere, korporazio multinazional handiei banatuko zaizkiela, eta automozioak berebiziko pisua duela: Volkswagen, Mercedes, Gestamp, Irizar... Espainiako, EAEko eta Nafarroako gobernuak buru-belarri ari dira sektorea erreskatatu nahian, negozio bolumenik ez galtzeko. Baina horrela zaildu egiten da ibilgailu pribatuen kopurua txikitzea edo garraio publikoa sustatzea. Gainera, txostenean aztertzen da beste sektore batzuetara bideratutako funtsak zeintzuk diren, eta nabarmena da dirutza jarriko dela burbuila teknologikoak puzteko (‘Greenwashing’), esaterako hidrogenoarena (Petronorrek Bizkaian, Accionak Tuteran etab.), edota energia eolikoa logika neokolonial eta estraktibistaren baitan kokatzeko (parke handiak instalatzea orokortu nahi da, monopolio korporatiboa ezarriz).

Hego EHko enpresak NGEU funts gehien jasoko duten 100 enpresa nagusien artean (2023ko abendua)

 

Volkswagen Navarra

5.819.540,00€

21.185.035,00€

Sapa Operaciones S.L.

10.332.719,00€

Irizar S.Coop.

7.390.279,00€

Gestamp Abrera S.A. (filial katalana)

8.934.542,00€

Multiverse Computing S.L.

1.897.223,00€

Gestamp Bizkaia S.A.

5.400.639,00€

Mercedes Benz España S.A.

55.152.867,00€

Adibidez, zaintzaren sektorean Next Generation funtsek gutxienez 119 milioi euro bideratuko dituzte, ustez zahar etxeak hobetzeko. Baina sektorearen gabeziei heldu nahi zaie negozio aukera gisa; helburua da merkantilizazioa eta delako lankidetza publiko-pribatua areagotzea. Txostenak beste sektore batzuetako xehetasunak jasotzen ditu (agroindustria, etab.), eta honakoa ondorioztatzen du: plan horren xedea da diru publikoari esker enpresa handien etekin tasa berreskuratzea, lan prekarioa hedatuz eta gatazka ekosozialak piztuz.

Horregatik, ELA bat dator OMALen txostenaren ondorioekin: “kapitalismo oliba-berde eta digital” horri aurre egin behar zaio berrarmatze teorikoarekin eta ezker politiko, sozial eta sindikalaren mobilizazio zabalarekin. Aldi berean, alternatiba egingarriak bultzatu behar dira, erakundeetan eta horietatik kanpo. Europako herrien emantzipazioa gauzatzeko zalantzarik gabe buru egin behar zaio gaur EB den dominazio eta esplotazio egiturari. Hausnarketa hori une egokian dator, kontuan izanik ekainaren 9ko hauteskundeek Europar Batasunaren datozen urteetako norabidea ezarriko dutela.

Irakurri txostena