Okupazioa 14.600 lagunetan murriztu da aurreko hiruhilekoaren aldean, Biztaleria Aktiboaren Inkestaren arabera

Azken hilabeteetan datu onak argitaratzen ari ziren arren, EPAren datuek ez dute hain egoera ona erakusten. Okupazioa 14.600 lagunetan murriztu da aurreko hiruhilekoaren aldean, eta enpleguaren suntsiketa hori batez ere emakumeen artean gertatu da, 12.500eko jaitsiera izan baitute. Sektoreei dagokienez, industriaren sektoreko okupazioak jaitsiera oso handia izan du aurreko hiruhilekoaren aldean, 15.600 pertsonako jaitsierarekin; gainerako sektoreetan, berriz, enpleguak bere horretan jarraitu du.
Kontratuen iraupenari erreparatzen badiogu, ikusten da azken hiruhilekoan, lan erreforma gorabehera, kontratu mugagabea 7.300 pertsona gehiagok baino ez dutela. Horrela, azken hiruhilekoan behin-behinekotasun tasa %23,8tik %22,2ra jaitsi da; hala ere, murrizketa hori aldi baterako enplegua suntsitzeagatik gertatu da batez ere (-19.600). Behin-behinekotasunaren arazoa islatzen du Ebrekin egindako konparazioak; Hego Ehn 10 puntu handiagoa da tasa. Beraz, behin-behinekotasuna egiturazko arazoa da oraindik ere, eta horri aurre egin behar zaio.
Lanik gabeko pertsonei dagokienez, bigarren hiruhilekoan 117.800 enplegu gabe egon dira Hego Euskal Herrian, hau da, 6.600 gutxiago aurreko hiruhilekoan baino. Nafarroan langabezia-tasa %10,4tik %8,8ra jaitsi da; EAEn, berriz, pixka bat igo da, %8,8ra (+%0,1). Langabetuen artean, emakume gehiago daude egoera horretan. Nafarroan emakumeen desenplegu tasa %9,9koa da gizonen %7,7arekin alderatuta; EAEn, emakumeen tasa %9koa da, gizonena baino %0,5 handiagoa. Bestalde, azpimarratu behar da Europar Batasuneko langabezia oso azpitik jarraitzen duela (%6,1). Azkenik, gazteen egoera kaskarra aipatu behar da; gazteen langabezia tasa oso handia izaten jarraitzen du, lau gaztetik ia bat enplegu gabe baitago.
Ziurgabetasunez beteriko testuinguru ekonomiko batean gaude, non bizitzaren garestitzea gero eta nabarmenagoa da. Enpleguari ere eragiten dion testuinguru honetan, Hego Euskal Herrian milaka pertsona egoera prekarioan daude, askok soldata baxuak dituzte, segurtasun falta lanean eta beste hainbatek behin-behineko kontratuak dituzte. Horregatik, egoera horren aurrean, antolaketa eta mobilizazioa behar dira, langile klasearen baldintza materialak hobetzearen alde borrokatzeko.