Osakidetza

Osasun Itunaz haratago proposamenak

2024/10/03
Jakina denez, ELAk Osasun Ituneko bileretan ez parte hartzea erabaki du, funtsean ez delako osasun arloan sakoneko aldaketarik egiteko inolako borondaterik ikusten.

Osakidetzaren egoera larriari buelta emateko, aldaketa egiturazkoa eta sakona egin behar da, plantillen lan baldintzak hobetuz. Are gehiago, sindikatuak uste du badagoela Osakidetzaren mahai sektoriala errealitate horri heltzeko, nahiz eta mahai hori erabat blokeatuta dagoen, azken 12 hilabeteetan, 14 bilera egin ondoren, ez da ezertan aurreratu.
ELA prest dago Osasun Sailarekin elkarrizketak izateko eta adostasun zabalagoak bilatzeko, baldin eta elkarrizketa horien ondorioz beste eragile batzuekin akordioak lortzen badira. Hala ageri da Lehendakariari aurkeztutako dokumentuan, hurrengoak dira proposamen nagusiak:

  • 24 ordutan arreta jasotzea lehen arretan. Aurrekontuaren % 25 lehen arretara bideratzea.

  • Itxaron zerrendak murriztea.

  • Buru osasuneko plantilla handitzea eta zerbitzu horren pribatizazioak/deribazioak lehengoratzea.

  • Plantilla egonkortzea, aparteko kontsolidazio prozesuen bidez.

  • Belaunaldien arteko erreleboari aurre egiteko plan bat ezartzea.

  • Autokontzertazioa (aparteko orduak) ezabatzeko plan bat ezartzea. Horretarako, plantillak indartu behar dira, arreta baliabide arruntekin eman ahal izateko.

  • Osakidetzako langileen lan baldintzak negoziatzea eta hobetzea, kategorien arteko ekitateari eutsiz. Funtsezkoa da kategoria eta profesional guztien garrantzia azpimarratzea.

  • Langile sanitarioaren prestakuntza espezializatuko eskumena eskatzea, Osakidetzaren beharretara egokitutako programa bat ezartzeko.

  • Osasun pribatuak egiten duen Osakidetzaren aprobetxamendua murriztea.

  • Osakidetzako barne tresna guztiak euskaraz ere erabil daitezkeela bermatzea. Osakidetza euskalduntzeko plan integrala abian jartzea.

  • Garapen profesionalerako eredu berri bat abian jartzea.

  • Anbulantzia zerbitzua publiko egitea.