Osasunbideako arazoak egiturazkoak dira eta pandemiaren aurrekoak

2021/03/01
Osasunbidearen egoera kezkagarria da. Inbertsio, osasun arloko langile eta materialen defizit handia dago Europako ingurunearekin alderatuta, eta azken hamarkadan 5 plaza finkotik 1 suntsitu da, % 54rainoko behin-behinekotasunera iritsiz.

Osasunbidearen kolapsoa pandemiaren aurreko arazo estrukturalen ondorioa da. Osasunbidearen egoera Europako batez bestekoa baino askoz txikiagoa den osasuneko inbertsioak baldintzatuta dago. Urtean 400 milioi gehiago inbertitu beharko lirateke osasunean Europako batez bestekoa berdintzeko. Horrek baliabide material eta langile gutxiago izatea dakar, berez langile gutxiegi, plantilla zahartuta eta behin-behinekotasun onartezina dagoenean:

  • Ospitaleko oherik eza: ospitaleko oheen kopurua % 30 handitu behar da Nafarroan ELGEko batez bestekoa berdintzeko.

  • Osasun-langileen falta: ELGEren batez bestekoaren azpitik gaude osasun-langileei dagokienez.

  • Lan-baldintzen prekarizazioa: Osasunbidean langile finkoen 5 plazatik 1 suntsitu da azken hamarkadan, behin-behinekotasuna % 54,3koa da (sektore pribatukoaren ia bikoitza), eta langile finkoen % 64 baino gehiago 51 urtetik gorakoa da. Onartezina da egoera hori enplegatzailea Nafarroako Gobernua izanik.

  • Kolapsatutako lehen mailako arreta: aldez aurretiko saturazioari, Covid-19ren krisia eta baliabide eta langile nahikorik ez izatea gehitzen zaizkio.

ELAk Osasun publikoa hobetzeko, besteak beste, gastua Europar Batasuneko batez bestekoarekin parekatzea, sare publikoa sustatzea itunak murriztuz eta estaldurak handituz, lehen mailako arreta bultzatzea, plantilla handitzea eta behin-behinekotasunarekin amaitzea proposatu du. Horretarako, ELAk kalitatezko osasun-sistema publiko baten aldeko eta enplegu publikoa sendotzeko kanpaina jarriko du abian.