Pandemiak Osasunbideako eta Osakidetzako egiturazko arazoak azaleratu ditu

Osasunbideak eta Osakidetzak bizi duten kolapso-egoera pandemiaren aurretik datozen egiturazko arazoen ondorio da: aurrekontu-murrizketak, ospitaleko ohe eta osasun-langile gutxi, lan-baldintza eskasak, baliabide materialen falta, etab.
Osasunbideak eta Osakidetzak inbertsio falta dute, eta horrek ahuldu egiten ditu osasun-sistema publikoak. Osasunean egindako gastua, bai Nafarroan, bai EAEn, Europako batez bestekoaren BPGren 2 puntu inguru azpitik dago.
Inbertsio falta horren ondorioz, alde batetik baliabide material gutxiago daude (ospitale-oheen kopurua % 30 handitu beharko litzateke Nafarroan eta % 24 EAEn ELGAko batez bestekoa berdintzeko), eta, bestetik, osasun-langileen falta eta lan-baldintza prekarioak dakartza: behin-behinekotasuna, partzialitatea eta batez besteko adin altua, besteak beste.
Pandemiak egiturazko arazo horiek guztiak azaleratu ditu eta lehen mailako arreta guztiz kolapsatu da, sektore horrek funtsezko zeregina betetzen baitu covid-19aren identifikazio eta jarraipen azkarrean.
Egoera horren aurrean, ELAk proposamen sorta bat jarri du mahai gainean: osasuneko gastu publikoa Europako batez bestekoarekin parekatzea, sare publikoaren alde egitea onura pribatuaren aurrean, osasun publikorako sarbide unibertsala bermatzea, langile kopurua ELGAren batez bestekoarekin parekatzea eta lan-baldintzak hobetzea, besteak beste.