Pentsio duinak lortzeko mobilizazio sozialen beharra aldarrikatu du ELAk

2018/04/03
ELAren ustez, pentsioen aldeko borroka eginkizun kolektiboa da, gaurko eta biharko pentsiodunena, hain zuzen ere. Helburu hau lortzeko mobilizazio soziala ezinbestekoa dela gaineratu du sindikatuak. Gutxieneko pentsioa 1.080 euroan finkatu du ELAk, zifra hau Europako Karta Sozialean ezarritako irizpideen araberakoa baita. Bestalde, pentsio sistema publikoa indartzearen alde agertu da.

Adolfo Muñoz "Txiki" idazkari nagusiarekin batera, arlo sozialeko arduradun Mikel Noval eta Ikerketa bulegoko kide Janire Landaluze izan dira pentsioen inguruko txostenaren aurkezpenean.

ELAren esanetan, pentsio sistema guztia Euskal Herrian erabaki beharko litzateke. Adierazi dutenez, benetako erabaki-ahalmena behar da Gizarte Segurantzaren politiken gainean eta ezin da onartu zatikako eta baldintzatutako transferentziarik. Hemengo erakundeek diru-sarrera egokiak bermatu behar dizkiete gaurko eta etorkizuneko pentsiodunei, guztiei osatuz espainiar gobernuaren erabakiek eragindako sarreren galera eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatuz.

Sindikatuaren iritziz, kotizaziok ezin dira izan pentsioak finantzatzeko iturri bakarra. Ildo beretik, gogoratu dute superabita zegoenean pentsioen igoerarik ez zela proposatu. Defizita dagoenean, ordea, murriztu egiten direla salatu dute. 

Kalitatezko enplegua sortu eta soldatak KPIz gaindi igotzea eskatu du ELAk. Izan ere, kalitatezko enplegu gehiago egongo balitz, kotizazioak asko hobetuko lirateke. Herri-administrazioen erabakiek zuzenean eragiten dute kotizazio bidezko diru-sarreren jaitsieran, arlo publikoan erosteko ahalmena murriztuz eta azpikontratazioak eta beheranzko lizitazioak ugalduz.

Irakurri Txostena