Pentsiodunek 1,4 puntuko galera izango dute erosahalmenean 2022an eta 2,5 puntukoa gutxieneko pentsioetan

2022/01/26
ELAk salatu du, beste behin ere, pentsiodunek erosteko ahalmena galduko dutela 2022an, 1,4 puntu hain zuzen ere, eta gutxieneko pentsioan 2,5 puntukoa izango dela galdera. Hala, sindikatuak berretsi du pentsioen erreformak ez duela KPIa bermatzen, ez dakarrela aurrerapenik gutxieneko pentsioa 1.080 euroan kokatzeko, eta ez duela atzera egiten erretiro adinaren atzerapenean, ezta pentsio berrien murrizketa neurrietan ere.

Azaroko urte arteko KPIa, pentsioak igotzeko erreferentziatzat hartzen dena, %5,5ekoa izan zen. Hala ere, 2022an pentsioen igoera %2,5ekoa izango da, eta horri ordainsaria deritzonaren eragina gehitu behar zaio, %1,6koa baita. “2022an pentsioen igoera % 4,1ekoa izango da, prezioen igoeraren azpitik, beraz, erosteko ahalmenean 1,4 puntuko galera izango da”, adierazi du Mikel Noval, ELAko Azterketa Bulegoko arduradunak.

“Sánchez Fake News delakoak sortzen ari da etengabe, errealitatearekin zerikusirik ez duten neurriak iragarriz”, dio. Novalek uste du pentsiodunek eta biztanle guztiek ondo baino hobeto dakitela aurrerapen handi gisa iragartzen dena, berez, beren bizi baldintzetan beste atzerakada bat baino ez dela. “Beren burua ezker politikoan kokatzen duten alderdien izen ona zikintzen du horrek, besterik ez”, kexu da.

ELAren ustez, larria da pentsiodunek erosteko ahalmena galtzea, baina are gehiago gutxieneko pentsioak gehiago galtzea. Novalek azaldu duenez, iragarritako gutxieneko pentsioen %3ko igoerak erosteko ahalmenaren 2,5 puntuko galera dakar. Izan ere, ordainsaria deiturikoa ez da gutxieneko pentsioen zenbatekoan finkatzen; beraz, pentsio horiek %3 baino ez dute igoko,  baina prezioak %5,5 igo ziren.

Era berean, adierazi du horren guztiaren atzean iazko urtearen amaieran onartutako pentsioen erreforma dagoela, eta horrek ez duela KPIa bermatzen, ez eta gutxieneko pentsioa 1.080 eurotan kokatzeko aurrerapausorik ematen ere. Ildo beretik, ez du atzera egiten erretiro adina atzeratzean, ezta pentsio berriak murrizteko neurrietan ere. Aitzitik, atzerapen gehiago eragin ditu erretiro aurreratuan.

Hori dela eta, sindikatuak berriro errefusatu du erreforma hori, eta gogorarazi du pentsioen murrizketa berriak onartu nahi dituztela 2022rako iragarritako erreformaren bigarren zatian. Horregatik, ezinbestekotzat jo du mobilizazioekin jarraitzea, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua egiten ari den bezala.