Premiazko zerga erreforma eskatu du ELAk, enpresek gutxienez irabazien %25 ordain dezaten
 Sozietateen gaineko Zergan

2022/06/07
Mitxel Lakuntzak, ELAko idazkari nagusiak, eta Mikel Novalek, Azterketa Bulegoko arduradunak, gaur eskainitako prentsaurrekoan zera eskatu dute: kapitalari eta errenta handiei zergak igotzeko erreforma fiskala lehenbailehen onartzea. Eskaera hori sindikatuak fiskalitateari buruz egindako txostenaren aurkezpenean egin dute.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua Ayuso edo Feijooren errezeta berberak aplikatzen ari direla ziurtatu dute biek, eta uko egin diotela mundu osoan kapitalari eta errenta altuei zergak handitzearen aldeko eztabaidari. Lakuntzak adierazi du enpresek gutxienez irabazien %25 ordaindu beharko luketela Sozietateen gaineko Zergan. Gaur egun, ordea, oso urrun daude kopuru horretatik, %7,3 baino ez baitute ordaintzen. Proposamena aplikatuz gero, urtean 2.300 milioi euro gehiago bilduko lirateke EAEn, eta 1.200 milioi gehiago Nafarroan. Horri esker, nabarmen handituko lirateke Osasun, Hezkuntza, Etxebizitza, Zainketa, Trantsizio Ekosozial eta Gizarte Prestazioen aurrekontuak.



Bestetik, Mikel Novalek azaldu ditu ELAren gainontzeko proposamenak zerga arloan, Europar Batasunaren egiturazko defizita ezabatzeko asmoz. “Datuak argiak dira: sortutako aberastasunari dagokion diru bilketa, hau da, presio fiskala, Europako batez bestekoaren oso azpitik dago. EAEn BPGren %33,7koa da zerga eta kotizazio sozial guztien bilketa; Nafarroan, berriz,% 31,6koa. Europako batez bestekoa, ordea, % 40,2 da. Hau da, presio fiskala Europako batez bestekoarekin berdintzeko 4.640 milioi euro gehiago jaso beharko lirateke urtean EAEn, eta 1.746 milioi Nafarroan.

Novalek gogorarazi du iruzur fiskal handia dagoela soldatarik gabeko errentetan. “Ez da hobekuntza duinik izan. Beharrezkoa da, behin betiko, soldatakoak ez diren errenta guztiak ikuskatzea. Ez ikuskatzeak iruzurra dakar”.

Gainera, araua aldatu behar da enpresek diru sarrerak dituzten lekuan bertan deklaratzera behartzeko, ingeniaritza fiskalak eskaintzen dituen aukerak ezabatuz. Era berean, beharrezkoa da PFEZ aldatzea (errenta handiei zerga tasak handitzeko, tarteak handitzeko eta aurrezki errentei aplikatzen zaien tarifa kentzeko, askoz baxuagoa baita, eta inflazioaren igoera ez konpentsatzeagatik zerga igoko ez dela bermatzeko) edo Ondarearen gaineko Zerga aldatzea (tarifa aldatuz, besteak beste, tarifa bikoizteko; %1 eta %10 arteko errekargu espezifikoa ezartzea).

Azkenik, Lakuntzak azpimarratu du Foru Aldundietako, Eusko Jaurlaritzako edo Nafarroako Gobernuko arduradun politikoek ez dutela kapitalari zergak igotzeko beharrari buruz eztabaidatu nahi. “Adibide argi bat da enpresa energetikoekin gertatzen ari dena, oso onura handiak izaten ari baitira. Hainbat lekutan gehiegizko onuren gaineko errekargua ezartzea planteatzen ari dira. Berton, aldiz, agintariek petrolio edo elektrizitate enpresetako buruzagiei men egiten diete, hala nola, Josu Jon Imazi edo Ignacio Sánchez Galáni. Azken finean, kapitalari zergak igo beharrean, kontrakoa egiten dute, zergak txikitu. Zerga politika hori askoz ere lerrokatuago dago Ayusok edo Feijook planteatzen dutenarekin, eta ondorio kaltegarriak ditu eskubide sozialetan eta zerbitzu publikoetan”.

Irakurri txosten osoa