PSOEren 300 proposamenek beto eskubidea ematen diote patronalari lan baldintza, gutxieneko soldata eta pentsioetan

2019/09/09
PSOEk gobernu osaketarako egin duen azken proposamena sakon aztertu eta gero, Mikel Noval, ELAko Azterketa Bulegoko arduradunak ondorio argia atera du: PSOEren proposamenek ez dute lan erreformarik indargabetuko, eta ez dago Gutxieneko Soldata behar bezala hobetzeko edota pentsio miserableak behin betiko amaiarazteko inongo konpromisorik.

ELAren iritziz, deigarria da hedabide gehienetan zein zorroztasun gutxi dagoen Pedro Sanchezen alderdiak plazaratutako proposamenak aztertzerakoan: “Propaganda da nagusi, ez errealitatea”, ondorioztatu du Novalek. Izan ere, PSOEk Rajoyren lan erreformaren punturik kaltegarrienak indargabetu nahi dituela aipatu da (hau ere inondik ere nahikoa izango ez litzatekeen arren), baina hori guztiz faltsua da.

PSOEren agiriak hitzez hitz honakoa dio:

  • 2012ko lan erreformaz: “Eragile sozialekiko elkarrizketaren baitan urgentziaz analizatuko dugu 2012ko lan erreformaren alderik kaltegarrienetan aldaketak ezartzea komeni ote den”.

  • Gutxienezko Soldataz: “LGS egokitzen jarraituko dugu, mailaka eta elkarrizketa sozialean adostuta...”.

  • Gizarte Segurantzaz: “Gizarte Segurantzaren sistema egokitu, elkarrizketa sozialaren baitan eta Toledoko Itunaren markoan”.

Beraz, argi dago Novalek nabarmentzen duen legez, PSOEk beto eskubidea ematen diola patronalari lan erreformen puntu batzuetan atzera egiteko (hauek oso mugatuak badira ere), LGS igotzeko (gogoratu beharra dago elkarrizketa sozialean patronalek, CCOOk eta UGTk LGSaren igoera askoz murritzagoa onartu zutela Gobernuak 2019rako erabaki zuena baino, eta hura baldintza jakin batzuren menpe zegoela), nahiz pentsioen eros-ahalmena edota Jasangarritasun Faktorea bertan behera uzteko.

Azkenik, ELAko arduradunak adierazi duenez, “PSOEren proposamenetan ez dago aipamen bat ere euskal eremuko negoziazio kolektiboan adostutakoa errespetatzeari buruz”.