Recommons manifestua, Europarako alternatiba erradikala

2019/04/15
Manifestua egiteko prozesuan ELAk parte hartu du. Bertan benetan aldaketa egiteko asmoa duten gobernuek aplikatu ditzaketen politika konkretuak proposatzen dira.

ReCommons ekimenak «Europako herrien internazionalismo berrirako Manifestua» ( http://www.cadtm.org/Manifiesto-por-un-nuevo-internacionalismo-de-los-pueblos-en-Europa ) plazaratu du. Helburua da frogatzea egingarria eta beharrezkoa dela Europan neurri erradikal sorta bat gauzatzea. Testua Europako hainbat antolakunde eta mugimendutako hamasei militantek idatzi dute, besteak beste ELAko azterketa bulegoko Janire Landaluze eta Mikel Noval

Europar mailako CADTM eta EreNSEP sareek eta ELAk elkarrekin lan egiteko duten borondatetik sortu da ReCommons. Bi sareak 2015eko greziar esperientzian parte hartze zuzena izan zuten, eta handik ikasgai konbergenteak atera zituzten. Bestalde, duela hamabost urtetik hona ELA eta CADTM hainbat ekinbide internazionalistatan mugitu dira, esaterako 2001ko Munduko Foro Soziala, Altersummit, edota Europako Foro Soziala. Gainera, B Planaren eztabaida eta bileretan ere partaidetza aktiboa izan dute, 2015etik hona.

Aipatutako Manifestuak politika konkretuak proposatzen ditu; hauek aplika ditzakete benetan aldaketa egiteko asmoa duten gobernuek. Hainbat arlo aipatzen dira: moneta sistema, eskubide laboral eta sozialak, produkzio eredua eta klima aldaketaren aurkako borroka nahiz zerbitzu publikoak; guztietan modu transbertsalean txertatzen da ikusmolde feminista. Halaber, hainbat eremutan kanpaina eta ekintzak egiteko beharraz ohartarazten da, Europa eta mundu mailan koordinaturik, trantsizio sozial, ekologiko, feminista eta demokrtikoan aurrera egite aldera.

Testua 2018an izan ziren hiru bileratan hasi zen prestatzen, eta 2019an osatu da modu kolektiboan. Manifestua sortu da egiaztatu denean ezkerreko indar politiko eta mugimendu sozial askok beldurra duela proposamen benetan antikapitalista, antipatriarkal, antirrazista eta ekosozialistak plazaratzeko.

Antolakunde batzuren hautu zinikoa “sozioliberalismoa” da, eta horrek zuzenean ezkerretik kanpo kokatzen ditu. Bere itzalari ere beldurra dion edota ordena ezarriarekin erabat engaiatzen den ezkerra ez bezala, ReCommonsEuropek egiten ditu proposamen erradikalak, oso argi agertzen da herrien internazionalismoaren alde, iraultza sozial eta politikoa bultzatzeko asmoz.

Grezian 2015ean gertatu zena sarri mamu gisa erabiltzen da, eta sektore batzuk horrekin frogatu nahi dute programa erradikal bat gauzatzea ezinezkoa dela. Baina ReCommonsEuropeko kideek greziar esperientziatik ikasgai guztiz ezberdina atera dute: Alexis Tsiprasen gobernuak hasieratik baztertu zuen benetan aplikatzea greziar herriarekin adostutako konpromiso erradikalak, eta horrek eragin zuen guztiok ezagutzen dugun desastrea.

Europar Batasuna garu neoliberalismoaren eta inperialismoaren abangoardia ez ezik kapital handiaren zerbitzura dagoen erakunde multzo bat da. Horregatik, jendartea eraldatu nahi duen ezkerra ezin da sinesgarria eta errealista izan estrategiaren erdigunean kokatzen ez badu EBko itun eta erakundeekiko haustura.