Pedro Sanchezek amore eman dio enpresa elektrikoen xantaiari, eta Eusko Jaurlaritzak txalotu du

2021/11/02
Sektorea kontrol publikoaren pean jartzea, energia merkatuaren logikatik ateratzea eta elektrizitatearen BEZa jaistea eskatu du ELAk, besteak beste, eta mobilizaziorako deia egin du.

ELAk salatu du azaroaren 2an eskainitako prentsaurrekoan argindarraren aferan “Pedro Sánchezen Gobernuak enpresa elektriko handien xantaiari men egin diola, eta Eusko Jaurlaritzak txalotu du albiste on bat balitz bezala”. ELAren ustez, onartezina da egoera larri honetan enpresa elektriko handien neurrira egindako legeak onartzea.

Azken asteotan argindarraren prezioak hainbatean goia jo, eta eragin sozial handia izan du, bereziki sarrera urrienak dituztenei egiten baitie kalte. Neurrigabeko prezioak energia enpresa handiak ezartzen dituzte, azken 25 urteotan Estatuko gobernuek eman dieten botereari esker. Guztiz pribatizatu zuten sektorea eta, ondoren, enpresa elektriko handien interesen neurrira joan dira sistema egokitzen. Beraz, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak azpimarratu du onartezina dela politikariek ardurak enpresengan jartzea bakarrik: “sektore estrategikoak ezin direla xantaiagileen esku egon”.

Egoera jasangaitza bihurtu da baina, hala ere, Espainiako Gobernuak, orain arte bezala, enpresa handien interesak defendatzen jarraitzen du. Urriaren 26an onartu den Dekretuak bertan behera utzi ditu aurretik Sanchezen gobernuak -irailaren 14ko Dekretuan- enpresa elektriko handien irabaziak mugatzeko hartu zituen neurriak; irabaziak 2.600 milioitan gutxitzea erabaki zuen. ELAren ustez, erabaki hori partziala izan zen, denbora baterako soilik mugatzen baitzituen irabaziak, eta nahikoa ez zela salatu zuen sindikatuak.

Neurri horien aurrean, enpresa elektriko handiek izan duten jarrera xantaia hutsa izan da, eta azkenean, helburua lortu dute: Sanchezen gobernuak atzera egin, eta Dekretuarekin ezinezkoa izango da irabaziak mugatzea; baldintza oso konkretuak dituztenek soilik izango dute onura hori. Beraz, Sanchezen gobernuak enpresa elektrikoen presioen aurrean, betikoen alde egin du. Onartezina da egoera larri honetan enpresa elektriko handien neurrira egindako legeak onartzea.

Pozik agertu da Sanchez Galan Iberdrolako burua (2.408 milioi irabazi ditu azken 9 hilabeteotan). Esan du egonkortasuna eta berme juridikoa behar direla, eta Dekretuarekin posible izango dela inbertsioak egitea. Eusko Jaurlaritzak bide beretik egin ditu adierazpenak: Arantza Tapia sailburuaren aburuz, albiste ona da enpresa elektriko handiei irabaziak ez mugatzea, eta berme juridikoa aitzakia bezala erabili du berak ere, berme juridikoa dioenean izugarrizko irabaziak bermatuak izatea esan nahi baitute. Sailburuari ahaztu egin zaio Euskal Herrian beste enpresa batzuk ere badaudela eta elektrizitatearen gehiegizko prezioak izugarrizko eragina duela, jardueran zein langileengan. Horien interesen gainetik jartzen dituzte elektriken (eta batez ere Iberdrolaren) interesak, eta hori onartezina da ELArentzat. Lakuntzak gogorarazi du “EAJk ez diela argindar enpresei eskatzen hauteskundeetara aurkeztea politika egiteko, eta ez ditu eztabaidatzen horien gehiegikeriak eta pribilegioen politika. Eskutik hartuta ari dira”.

Argi geratu da azken hilabeteetan argindarraren prezioa finkatzeko sistema oso injustua dela, soilik oligopolio elektrikoaren etekinak puzteko logikaren baitan uler daitekeela eta sistema aldatzeko benetako neurriak lehenbailehen hartu behar direla.

ELAk ondorengo neurriak exijitzen ditu:

  • Energia sektorearen publifikazioa, kontrol publiko eta sozialaren pean.
  • Energiarako eskubidea oinarrizko eskubide unibertsal gisa aitortzea.
  • Elektrizitatearen prezioa finkatzeko sistema aldatzea, sortzen den energia guztia ez dadin ordaindu iturririk garestienaren prezioaren arabera.
  • Konpainia elektrikoek jasotzen dituzten ezkutuko bidesariak kentzea.
  • %21eko BEZa behin betiko jaistea, oinarrizko behar baten mailara.
  • Energia merkatu logika guztietatik kanpo geratzea, eskuragarria izatea eta berriztagarrietan oinarritutako sistema garatzea da gure borroka. Pairatzen ari garen krisi sozialaren aurrean mobilizazioa ezinbestekoa izango da, eta ELA kalean egongo da oinarrizko eskubide hau defendatzen.