Sinatutako kontratuen hamarretik zazpi aldi baterakoak izan dira apirilean

2022/05/04
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako datuen arabera, apirilean langabezia aurreko urteetan baino gutxiago murriztu zen; gainera, pandemiaren aurreko mailetara iritsi gabe jarraitzen dugu.Ziurgabetasunez beteriko testuinguru ekonomiko batean gaude, non bizitzaren garestitzea gero eta nabarmenagoa den. Enpleguari ere eragiten dion testuinguru honetan, Hego Euskal Herrian milaka pertsona egoera prekarioan daude, askok soldata txikiak dituzte, segurtasun falta lanean eta beste hainbatek behin-behineko kontratuak dituzte, lan erreformaren ondoren aldizkako langile finkoen izenaren atzean ezkutatu nahi dituztenak. Horregatik, egoera horren aurrean, antolaketa eta mobilizazioa behar dira, langile klasearen baldintza materialak hobetzearen alde borrokatzeko.

Hego EHn erregistratutako langabetu kopurua 2.503 murriztu zen joan den hilean. Datu positiboak diruditen arren, apirileko beste hilabete batzuekin alderatuz gero, langabezia neurri txikiagoan murriztu zela ikus daiteke, aurreko urteetako murrizketa 3.500 pertsona ingurukoa izan baitzen.

Emakumeen langabeziari dagokionez, hiru hilabetez gora egin ondoren (4.248 pertsona batu ziren), apirilean 1.269 enplegu gabe gutxiago izan ziren. Emakume langabetuen ehunekoa guztizkoaren %57an mantendu zen, eta horrek esan nahi du egoera horretan 21.564 emakume gehiago egon zirela, gizonen konparatuta. Lurraldeka, Nafarroan 972 enplegu gabe gutxiago izan ziren, eta EAEn 115.554 enplegu gabe izan ziren, hau da, 1.531 gutxiago. Bestalde, gazteek ere emaitza positiboa izan zuten, 536 murriztu zen langabezia; hala ere, kopuruak 2019an baino askoz handiagoa izaten jarraitzen du; zehazki, 2.000 gehiago dira egoera horretan daudenak.

Europarekin alderatuta, Hego EHren langabezia tasak Europako batez bestekoaren oso gainetik jarraitzen du, Hego Euskal Herrian tasa %10,9koa baita, eta Europar Batasuneko batez bestekoa %6,2koa da.

Kontratazioari dagokionez, kontratuen behin-behinekotasun tasa pixka bat hobetu da aurreko hilabeteetako kopuruen aldean; hala ere, behin-behinekotasunaren ehunekoa oso handia da oraindik. Espainiako ministerioak emandako datuen arabera, sinatutako kontratuen %70 aldi baterakoak izan ziren. Aipatzekoa da Estatuan, Nafarroa eta EAE izan zirela behin-behinekotasun tasarik handiena izan zutenak, alde handiarekin; Estatuko behin-behinekotasuna 20 puntu beherago kokatu zen, zehazki %51,8an.

Kontratazio mugagabearen barruan, Estatu mailan (ez baitago autonomia erkidegoen arabera banakatuta), %1.600 igo zen hasierako kontratuetan aldizkako kontratu finkoen erabilera. Beraz, estatistikek errealitatea makillatzen ari dira; izan ere, praktikan, aldizkako langile finkoen hobekuntzak hutsalak dira aldi baterako kontratuen aldean.