Soldata eta zerga urriekin ez dago ez pentsio publiko duinik, ezta enplegurako BGAErik ere

2018/10/12
EAEko hainbat erakundek (Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak) adierazpen edo proposamenak egin dituzte Borondatezko Gizarte-Aurreikuspeneko Erakundeei (BGAE) buruz. ELAk salatu du ez duela jaso honen inguruko proposamen konkreturik, komunikabideetan agertu denetik haratago. Dena den, soldata eta zerga urriekin ez dago ez pentsio publikorik, ezta enplegurako BGAErik ere gaineratu du.

Adolfo Muñoz `Txiki´, Amaia Muñoa eta Joseba Villarreal, ELAko idazkari nagusia, idazkari nagusiaren ondokoa eta BGAEtako ordezkaria eta batzorde eragileko kideak, hurrenez hurren, hartu dute parte agerraldian.

Sindikatuaren ustez beste propaganda ariketa bat baino ez da hau, alegia, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien ohiko funtzionatzeko modua. Deitoratzekoa eta salatzekoa da hainbesteko garrantzia duen gai honetan horrela jokatzea. ELAk erakundeei galdegiten die proposamen konkretuak egin ditzatela, horien gainean taxuz eztabaidatu ahal izateko. Borondatezko Gizarte-Aurreikuspeneko Erakundeen inguruko eztabaida orain plazaratzea kea barreiatzea besterik ez da pentsioak murriztea eragin duten alderdiek beren ardura ezkutatu nahi baitute: Esaterako, Urkullu lehendakariak politika orokorreko debatean esan zuen pentsioen auzia Toledoko Itunean ebatzi behar dela. Baina ELA ez da tranpa horretan eroriko.

Bestalde, prekaritatea eta soldata negargarriak dituztenentzat iraingarria da sinetsarazi nahi izatea BGAE baterako ekarpena egin dezakeela, bere helburua halamoduz hilaren amaiera iristea denean. BGAEak ez dira pentsio publikoentzako soluzioa, are gutxiago kolektiborik prekarioenentzat.

Era honetan, ELAk ez du onartzen gizarte-aurreikuspena zergak aurrezteko sistema huts bilakatzea. Beldur da Foru Aldundietako adierazpen arranditsuek ez ote dituzten ezkutatuko zerga-arintze handiagoak, errenta altuek eta kapitalek gutxiago ordain dezaten, horrela jendartearen kohesioa areago hondatuz.

Azkenik, Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek Kutxabanken -finantzetan tresna garrantzitsua izanik- zuten kontrol publikoaren galera eragin zuten, baita txalotu ere, bankarizazioaren bitartez eta kapital pribatuaren sarrera hobetsiz. Orain, berriz, BGAEen funtsak erabili nahi dituzte. Gai honetan izan duten jokabideak eragin duen gainbeheraren ardura politikoa hartu beharko lukete beren gain, izan ere, Kutxabankek (baita Jaurlaritzak berak ere) desinbertsio politika egin baitu hainbat enpresa traktoretan. Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek erabaki hauetan zerikusi zuzena izan dute.

Irakurri Txosten osoa