Soldatak Hego Euskal Herriko soldata maila, Europako batez bestekotik behera

Eurostatek, Europar Batasuneko estatistika erakunde ofizialak, 2020ko lan kostuen estatistika argitaratu du. Bestalde, INEk estatu mailako datu konparatiboak argitaratzen ditu. Bi institutuek emandako informazioa kontuan hartuta, ondorioztatzen da Hego Euskal Herrian lan-kostua 26,8 eurokoa dela orduko, Espainiako estatuan baino % 17,5 gehiago (22,8 euro), baina Europako batez bestekoaren (28,5 euro) eta eurogunearen (32,3 euro) azpitik.
Datuek erakusten dute Europar Batasunaren barruan alde handia dagoela soldatei dagokienez. Goialdean Norvegia, Danimarka, Luxenburgo eta Belgika daude, 40 eurotik gora, eta behealdean Bulgaria, Errumania edo Hungaria, 10 eurora iristen ez direnak.
Gure datuak industrializazio-maila altua duten eta Europako erreferentetzat jotzen diren estatuekin alderatzen baditugu, ikusiko dugu Hego Euskal Herriko soldata-mailak Frantziakoak (37,5 euro) edo Alemaniakoak (36,6 euro) baino askoz txikiagoak direla.
Lan-kostuen eta lehiakortasunaren arteko erlazio zuzena balego, Hego Euskal Herria Europako batez bestekoa baino lurralde lehiakorragoa dela esango genuke, soldata-mailak baxuagoak baitira. Gure lurraldea soldata baxuko lehiakide bihurtu nahi izatea akats bat da hainbat arrazoirengatik. Lehenik eta behin, enpresen lehiakortasuna beste faktore askoren mende dagoela argi dagoelako. Bigarrenik, soldaten arteko aldeak hain handiak diren Europan, galdutako borroka izango litzateke soldata baxuen karrera irabazi nahi izatea, eta, gainera, langileria eta gizartearen gehiengoa pobretzeko politika.