Sozietateen gaineko zergaren bilketak pisua galtzen jarraitzen du ekonomian

2022/02/14
EAEko diru-bilketak errekorra izan du 2021ean, baina zerga bakoitzetik bildutakoaren joera asimetrikoa izan da. 2019arekin alderatuta, lan-errenten ekarpena %6,2 handitu da; sozietateen gaineko zergarena, berriz, %11,4 jaitsi

EAEko zerga itunduen bilketaren 2021eko datuek 15.963 milioi euroko bilketa jasotzen dute guztira, hau da, %14,4ko igoera eman da 2020arekin alderatuz, orduan 13.949 milioi bildu baitziren. Igoera ia zerga guztietan gertatu da. Gehien igo dena BEZa izan da ( %21,2), biztanleriaren kontsumoaren igoerari esker. Zuzeneko zergak %8,9 igo dira, eta horien artean sozietateen gaineko zerga dago, %10,8 igo dena; zifra hori iaz izandako murrizketaren (-%20) oso azpitik dago. PFEZren bilketa %8,2 hazi da, eta zehazki lan-errentena %6,1.

Aurreko urtearekin alderatu ohi dugun arren, interesgarriagoa da 2019. urteari buruzko azterketa egitea; horrela, pandemiak diru-bilketan izan dituen ondorioak ikus daitezke. Bilketa osoa erabat berreskuratu da azken urtean, pandemiaren aurreko urtean baino %3,2 handiagoa izan baita. Zuzeneko zergak %4,4 hazi dira, eta zeharkakoak %2,3. Lehenengoen artean, lan-errentek %6,2 gehiago ekarri dute; sozietateen gaineko zergaren diru-sarrerak %11,4 murriztu dira.

Gogora dezagun 2008ko krisiak ondorio berberak izan zituela sozietateen gaineko zergaren bilketan; orduan, sozietateek emandakoa erdira murriztu zen 2007 eta 2010 artean. Ondorengo urteetan, ekonomiaren hedapen-aldia eta enpresen mozkinen gorakada handia gorabehera, zerga horren bilketa ez zen aldatu. 2010ean eta 2020an, zerga horren bilketa berdina izan zen. Oraingoan, egia da 2021ean nolabaiteko susperraldia egon dela enpresek emandakoaren inguruan; hala ere, egia da, halaber, sozietateen gaineko zergaren bilketa minimoetan dagoela BPGari dagokionez.

Beraz, aurreko hamarkadetako joera berarekin jarraitzen dugu: lan-errentek eta BEZak gero eta ekarpen handiagoa egiten dute, eta kapital-errentek gero eta zerga gutxiago ordaintzen dituzte. Egoera horren aurrean, ELAk azken urteetan mahai gainean jarri dituen proposamenak berresten ditu. Beharrezkoa da erreforma fiskal bat, enpresen mozkinengatik, aberastasunarengatik eta errenta altuengatik ordaindu beharreko zergen igoera nabarmena jasotzen duena, sindikatuak 2020ko maiatzean egindako proposamenen ildotik. Proposamen horietan, besteak beste, PFEZean errenta altuei ezarritako zerga-tasak handitzea proposatzen zen; ondare fiskala eta pizgarri fiskalak ezabatzea, eta sozietateen gaineko tasa efektiboa %25ekoa izatea ekitaldiko mozkinetan; baita ere ondarean errekargu espezifiko bat ezartzea, progresiboa eta ondarearen %1etik %10era bitartekoa.