Txile eta Latinoamerika neoliberalismoaren aurkako borroka

2019/12/17
Azken hilabeteak mugituak izan dira Latinoamerikan. Urriaren hasieran, Ekuadorreko herria masiboki altxatu zen NDFren inposizioen aurka, gauza bera egin zuen Haitiko herri pobretuak mendeetan zehar kolonien garaitik datorren "zorra" dela eta, urrian Txileko herria altxatu zen garraioaren prezioaren igoera zela medio, Kolonbia izan da azkena Duquek ezarri nahi dituen erreformen aurka. Arrazoiak desberdinak izan arren, oinarrian, kausa berbera da, sistema neoliberal zapaltzaile eta espoliatzailea, zeinak gizartearen gehiengoaren bizi-baldintzak gero eta prekarioago egiten dituen.

Zorra izan da Latinoamerikan kapitalistek erabili duten mekanismoa herrialdeak beraien nahieran kontrolatzeko. Krisi ekonomikoa aitzakitzat hartuta, gobernu eskuindarrek Nazioarteko Diru Funtsaren "maileguak" erabili izan dituzte nahi izan dutena egiteko. "Laguntza" horien helburua ez delako herri langileak duen behar izanen asetzea, baizik eta erauzketan dihar duten multinazionalen beharrak ordaintzea, aurreko zorren interes usureroak ordaintzea, edota burgesiaren poltsikoak betetzea izan dute funtsio. Gizartearen gehiengoaren lepotik egin dira, hau da, herri langilea da maileguak eta haien interesak ordaindu behar izan dituena. Horretaz gain, zorrak, Estatuek subiranotasuna galtzea eragin dute, honela herrialdeek logika neoliberalean biratzea lortuz.

 

Txileko gaur egungo egoerak Salvador Allenderen gobernu sozialistaren aurkako estatu kolpea eta ondoren gauzatu zen diktadura militarra du jatorri. Diktadura 1989an amaitu ondoren, Txileko historia ofiziala zeharo baldintzatuta geratu zen garai hartan inposatutako neurri neoliberalengatik. Ondorengo trantsizio demokratiko delakoak ez zuen eredu neoliberal hori ezbaian jarri eta neoliberalek diseinatutako eredua Latinoamerikako arrakastatsuena bilakatu da.

 

Lehen aipatu bezala, garraioaren prezioaren gorakada izan da jendea kalera irtetea eragin duena. Biztanleriaren erdia gutxieneko soldata oso baxuarekin bizi den herrialde batean, soldata horren %15 bideratzen dute garraioa ordaintzera, soldata horrekin ez die ematen oinarrizko elikagai-saskia, alokairua eta abar ordaintzeko. Soldataz gain, hezkuntza eta osasuna dira herrialdeak dituen arazo nagusienetakoak, hauek aberats batzuen mesederako eta gehiengoak baztertzeko pribatizatzen direlarik. Aipatutakoaren ondorioz, 18 urtetik gorakoen %80 zorpetuta dago eta horrek zeharo baldintzatzen die bizitza osoa.

 

Gaur egungo beste arazo handienetako bat, eta 2016ko protesta masiboak eragin zituena, AFP (Pentsio Funtsen Administratzaileak) dira, hau da, Estatuak ezarritako kutxa pribatuak. Langileek diru-sarreren %10 enpresa pribatuek administratutako kontuetara bideratu behar dituzte. Enpresa horien jabeek diru hori erabiltzen dute beraien negozioetarako (meatzaritza, industria, telekomunikazioak, finantza kapitala eta abar). AFPk kotizazioetatik biltzen duten dirua pentsioetan ordaintzen dutenaren bikoitza baino gehiago da; Txileren BPGren %80, hurrenez hurren. AFPren jabeentzako negozio biribila den bitartean, Txileko pentsionistak miseriara kondenatzen ditu. Lapurreta kapitalistaren mekanismo hau, Pinocheten diktaduran bultzatu zen pribatizazio prozesuan ezarri zen, Estatu Batuetatik Chicago Boys delakoek inportatutako neurri ekonomiko sorta baten bidez.

 

Gertatutako protestei emandako erantzuna salbuespen-egoeraren ezarpena izan da, eta, horren ondorioz, militarrak kalera irten dira. Bai polizia zein militarrek indarkeria eta giza eskubideen urraketa sistematikoa gauzatu dituzte; hildakoen, zaurituen, begiko traumen, torturatuen, desagertuen, sexu-abusuen eta bortxaketen kopuru ikaragarriak eraginez, eta baliteke guztiak erregistratuta ez egotea. Bi hilabete igaro dira jada eta jazarpenak, errepresioak eta atxiloketak jarraitzen dute, baina baita ere gizartea eraldatu nahi duten jendea kalean darrai eta prozesu konstitugilearen eskakizuna inoiz baino ozenagoa da.