Udal eta foru hauteskundeen aurrean neurri zehatzak aurkeztu ditu ELAk

2019/05/09
Maiatzaren 26an EAEn udal eta foru hauteskundeak izango dira; horien atarian, ELAk bere proposamenak luzatu dizkie alderdi politikoei. Sindikatuek mezu argia bidali die: pertsonen bizi-kalitatea, enplegua eta justizia soziala hobetzea bermatuko duten neurri zehatzak hartu ditzatela. ELAren iritziz ezinbestekoa da ekintza politikoan gai sozialei lehentasuna ematea, eta horrek gaur arteko politikak zeharo aldatzea eskatzen du.“Badakigu egin beharreko aldaketa gauzatuko bada, ezinbestekoa dela botere ekonomiko eta finantzarioekin konfrontatzea; horretarako premiazkoa da hauteskundeen ostean agintean izango direnek gauzak beste modu batera egitea”, adierazi du Mikel Noval ELAko Azterketa Bulegoko kideak alderdi politikoei helaraziko zaizkien proposamenen berri emateko Bilbon egindako agerraldian.

Mikel Noval eta Ainhara Plazaola, arlo sozialeko eta ingurumeneko arduradunek, hurrenez hurren, aurkeztu dituzte proposamenak.

Iruzur fiskalaren kontrako borrokarekin batera, PFEZaren erreforma eskatzen du ELAk, beti ere, errenta guztiek (baita kapitalenak ere) gutxienez lan errentek adina zerga ordaintzeko eta galdutako progresibotasuna berrezartzeko (%56ko tasa marjinala barne).

ELAk adierazi bezala, ezinezkoa da gaur egungo desoreka gainditzea diru-sarrerak zeharo gehituko dituen zerga-erreformarik egin gabe; are gutxiago lortuko da aurrekontu-politika soziala garatzea estatuko aurrekontu-markoa onartuz gero. Bestalde, ELAk oso larria deritzo ezker politikoak jokabide hau ontzat emateari, baita hortik eratorritako aurrekontu- eta zerga-politikak onartzeari ere.

Agerraldian baieztatu dutenez, Foru Aldundien enplegu politika argia izan beharko litzateke: gizarte-politiken ezinbesteko hobekuntza finantzatu ahal izateko baliabide ekonomikoak lortzea. Honek lanpostu asko sortuko lituzke bizitza eta pertsonen zaintza bermatzen duten zerbitzu publikoetan (osasuna, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak...).

Euskararen normalizazio plan efektiboak abiatzea ere eskatu die ELAk arduradun politikoei, Aldundiek eskainitako zerbitzuak euskaraz jasotzeko herritarrek duten eskubidea errespetatuz.

Irakurri proposamenak