Urkulluren agintaldiak pobrezia handitzea ekarri du

2019/10/03
Eusko Jaurlaritzak abuztuak eman zuen argitara 2018ko Pobreziaren eta Gizarte-Ezberdintasunen Inkesta. Datuak talde sozialen arabera aztertuz gero, honako hauek dira pobrezia-tasa altuenak jasaten dituztenak: seme-alabak dituzten familiak (guraso bakarreko familiak, eta, batez ere, etxean erreferentziazko pertsona emakumea duten familiak), lan egonkorrik ez duten 45 urtetik gorako pertsonak bizi diren etxeak, atzerritarrak eta jada langile pobre esaten zaienak. ELAren aburuz Urkulluren agintaldiak pobrezia handitzea ekarri du eta honen adibidea da eta pobrezia-arriskuko etxeetan bizi diren pertsonen kopuruak %14 egin du gora 2016tik, eta %41,4 2008tik.

Inkesta honen arabera, 2008tik 2018ra bikoiztu egin dira oinarrizko gastuei aurre egin ezin dieten etxeetan bizi diren pertsonak. 66.241 (%3,1) ziren 2008an eta 121.659 (%5,6) dira gaur egun. 2016tik hona ere gora egin du kopuruak; hain zuzen, gaur egun 4.400 pertsona gehiago daude egoera horretan.

Egoera larria izan arren, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, Etxebizitzarako Prestazio Osagarria eta Gizarte-larrialdiko Laguntzak behin eta berriro erreformatu dira, eta, aldiro, murrizketa gero eta gehiago eta kontrol gero eta gehiago ezarri dira, eta prestazio horien hartzaileak kriminalizatzera jo da. Era honetan, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta murrizteko asmoa dutela EAJ eta PSEk salatu du ELAk. “erreforma horren xedea da gaur egun indarrean diren murrizketak finkatzea eta beste atzerapauso batzuk gehitzea”.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren hitzetan datu hauek agerian uzten dute Urkulluren agintaldia; izan ere, pobreziak gora egin du nabarmen. “Pobrezia areagotzen gainera, noiz eta hazkunde ekonomiko bete-beteko garaian eta enplegua sortzen ari denean, eta, orobat, desoreka sozialak gero eta handiagoak dira”.

Irakurri txostena