Dagoeneko indarrean dagoen lan-erreforma berriaren pean sinatutako hamar kontratutik bederatzi aldi baterakoak izan dira urtarrilean

Abenduan langabeziak behera egin ondoren eta Gabonetako kanpainen amaierarekin batera, langabeziak gora egin zuen berriz ere, zerbitzuen sektoreko emakumeen kontura. Emakumeen artean, langabezia 2.186 hazi zen urteko lehen hilabetean; hala, emakume langabeen ehunekoa %57raino igo zen, eta gizonena, berriz, %43ra murriztu. Sektorekako langabeziari dagokionez, jaitsiera egon zen sektore guztietan, zerbitzuetan izan ezik, non langabezia 2.518 pertsonatan igo zen.
Lurraldeka, langabeziak gora egin zuen Nafarroan eta EAEn. Nafarroan langabeen igoeraren ehunekoa %2,5 izan zen (791 pertsona); EAEn, berriz, igoera %1ekoa izan zen, hau da, 1.099 langabe gehiago.
Espainiako Lan ministroak kontatuen egonkortasuna iragarri arren, datuek ez dute aldaketa esanguratsurik erakusten behin-behinekotasunari dagokionez. Gogora dezagun lan erreforma berria 32/2021 Errege Lege Dekretua sinatu zenetik, hau da, abenduaren 28tik dagoela indarrean, eta, beraz, urtarrileko kontratuak erreforma berrian oinarrituta egin zirela. Hala eta guztiz ere, zifrek erakusten dute kontratu horiek aurreko hilabeteen ezaugarri berak dituztela oraindik ere, horren adierazle da egindako 102.623 kontratuetatik 91.195 aldi baterakoak izan zirela, hau da, %89.
Egoera horren aurrean, ez da nahikoa erreforma berria onartzea, Rajoyk berak esan bezala, gutxieneko ukituak baititu 2012koarekin alderatuta. Langile klasearen lan baldintzetan benetako aldaketak egon daitezen, lan erreforma osorik indargabetzea beste aukerarik ez dago. Horregatik, ELAk Kongresu espainiarrean dauden alderdi politikoei exijitzen die erreforma hori dagoen bezala ez onartzeko eta negoziazioei berriro ekiteko, baina oraingoan patronalari beto eskubiderik eman gabe.