2022ko enpleguaren datuak
Urte okerra emakumeentzat

INEren Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuen arabera, 2022an 2.500 landun gutxiago izan ziren Hego Euskal Herrian, 1.242.400 landun guztira. Baina suntsipen hori emakumeen artean baino ez zen gertatu, 23.800 pertsona gutxiago izan baitziren; beraz, emakume landunen kopurua 582.100era jaitsi zen, hau da, % 46,9ra. Gizonen artean, berriz, 21.200 landun gehiago izan ziren: 660.200, % 53,1.
Gainera, aipatzekoa da emakumeek prekarietate handiagoa pairatzen dutela. Alde batetik, behin-behinekotasun-tasa % 24,1ekoa izan zen emakumeen kasuan, eta gizonena, berriz, % 14,9ekoa. Bestalde, partzialtasunaren datuek ere alde handia erakusten dute. Lau emakumetik ia batek ( % 23,8) lanaldi partzialeko kontratua izan zuen 2022ko azken hiruhilekoan; gizonen artean, berriz, tasa % 7,1ekoa izan zen. Datu horiek erakusten dute emakumeek oraindik ere diskriminazioa jasaten dutela lan-eremuan.
Langabeziaren zifrek ere emakumeen artean gorakada nabarmena islatzen dute. 2022. urtea 122.900 langabeturekin amaitu zen Hego Euskal Herrian, hau da, 3.000 langabetu gehiago izan ziren 2021. urtearekin alderatuta. Langabeziaren igoera emakumeen artean bakarrik gertatu zen, 8.900 pertsona gehiagorekin. Horregatik, emakumeen langabezia-tasa % 9,6ra igo zen, urtebete lehenago % 8an zegoenean.