Zergak langileok bakarrik ordaintzea nahi dute

2017/11/27
ELA eta LABen esanetan, sozietateen zerga jaistea patronalari egindako opari berri bat da eta murrizketa politikak betikotzen ditu. Muñozen hitzetan, EAJ, PSE eta PP eskuineko politika egiten ari dira eta zergak langileok bakarrik ordaintzea nahi dute. Era honetan, enpresa gehienek ez dute irabazirik aitortzen, hortaz, ez dute ezta euro bat ere ordaintzen Sozietate Zergagatik.

ELA eta LABek Sozietateen Gaineko Zergaren jetsieraren inguruko irakurketa bateratua egin dute gaur goizean Bilbon. Adolfo Muñoz “Txiki” eta Mikel Noval, ELAren aldetik, eta Garbiñe Aranburu eta Bea Martxueta, LABen izenean parte hartu dute irakurketa honen aurkezpenean.

EAJ eta PSEk duela aste batzuk adostutako zerga erreforma autoemendatzeko erabakia hartu dute. Horren aurrean, honakoa adierazi nahi dugu ELA eta LABetik:

-  Iragarri den Sozietate Zergaren jaitsiera ez da bidezkoa eta antisoziala da. Ez da bidezkoa urrats berria delako diru-bilketaren pisua laneko errentetan eroriarazten duen sistema fiskalean sakontzean. Eta antisoziala da diru-sarreren zati bati uko egiteak, praktikan, zerbitzu publikoen eta prestazio sozialen murrizketa-politiken aldeko apustua sendotzen duelako praktikan.

- Sozietateen Zerga jaitsi izana eta Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak norabide berean doaz. Aurrekontu-politika eta fiskalitatearen ingurukoak parean daude. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuak Konstituzioaren 135. Artikulua ezartzeko Rajoyren Gobernuarekin lortutako akordiotik abiatzen da, hau da, zorraren ordainketaren lehentasuna ematea bestelako gaien aurretik (osasungintza, hezkuntza, prestazio sozialak…). Gastu-arauak zehazten du gastu publikoaren igoerarentzak muga bat instituzio guztientzat, EAEkoak barne, EAJk ahalbidetu duena eta zeinen ordainketa Madrilekin adostu baituen Eusko Jaurlaritzak.

-  Sakoneko akordioa dago EAJ, PP eta PSEren artean desberdintasun sozialak eta pobrezia areagotu dituzten politika neoliberalak ezartzeko. Akordio horiek lan eta bizi-baldintzak zehazten dituzten gaietan ematen diren botazioetan egiten dira ikusgarri. Eta hori, Katalunian 155. Artikulua inposatzen duten alderdiekin egiten du, demokraziaren kontrako eraso zuzena suposatzen duena.

Gobernuan daudenak patronalaren interesen zerbitzura daude. Patronalak opari berri bat jasotzen du, eta zergen murrizketa berriak eskatzeko bere estrategiatik onurak eskuratzen ditu.

1. ELA eta LABentzat onartezina da Sozietate Zerga jaistea benetan egin beharko litzatekeena zerga horren bidez bildutakoa igotzea denean. Datu ofizialen arabera:

2. Sozietateen Zergaren Europako batazbesteko presio fiskalera iristeko, zerga honen bidez bildutakoak 669 milioitan egin beharko luke gora. Erreformarekin handitu egin dira aldeak.EAEko Sozietateen Zergaren tipo efektiboa %16,2koa da EAEn, tipo nominalaren oso azpitik. Hau da, enpresek irabazitan aitortutako 100 eurotatik 16,2 baino ez dituzte ordaintzen zerga horrengatik. Eta portzentaia hori jaitsi egingo da proposamenarekin.

3. Baina enpresa gehienek ez dure irabazirik aitortzen, hortaz, ez dute ezta euro bat ordaintzen Sozietate Zergagatik. Enpresen %55ak galerak aitortzen ditu. Eta beste %22,9ak esaten du 0 dela bere saldoa edo urtean 6.000 euro baino gutxiagoko irabaziak aitortzen ditu. Bi talde hauek enpresen %78,1 biltzen dituzte.