ETXEBIZITZA ESKUBIDEA

ELAk salatu du EAJren eta PSEren arteko akordio fiskalak jabeen onurak lehenesten dituela

2026/10/23
ELAk salatu du EAJren eta PSEren arteko akordio fiskalak jabeen onurak lehenesten dituela
Sindikatuak kritikatu du iragarritako neurri gehienak jabeentzako hobari eta abantaila fiskal berriak direla, espekulazioari aurre egin eta etxebizitza duina lortzea bermatu beharrean.

ELAren ustez, etxebizitzaren arloan EAJk eta PSEk atzo iragarritako akordio fiskalak egungo etxebizitza-krisia sortzen lagundu duten politika berberen alde egin du berriro: neurri gehienak etxebizitzen jabeen fiskalitatea hobetzera zuzenduta daude, hobari, salbuespen eta abantaila fiskal berrien bidez.

Neurri nagusietako bat da alokairuaren bidez lortutako diru-sarreren gaineko PFEZko hobariak handitzea, kasu jakin batzuetan % 70 edo % 75 heltzen direlarik. Hau da, milaka pertsonak alokairua ordaintzeko zailtasun handiak dituzten bitartean, EAJk eta PSEk etxebizitzen errentamendutik diru-sarrerak lortzen dituztenek ordaintzen dituzten zergak are gehiago murriztea nahi dute.

Akordioak zerga-salbuespenak ere jasotzen ditu, hutsik dauden etxebizitzak sektore publikoari saltzen dizkioten jabeentzat. Jenderik gabeko etxebizitzak dituztenen aurkako neurriak gogortu beharrean, zergak ematen zaizkie etxebizitza horiek saltzeagatik. Horrela, erakundeek berriro erabiltzen dituzte baliabide publikoak higiezinen negozioaren errentagarritasuna bermatzeko.

ELAren ustez, etxebizitzen metaketa mugatzeko neurriak ere ez dira nahikoak. Ondare Eskualdaketen gaineko Zergaren igoera, 3 etxebizitza edo gehiago metatzen direnean, oso motz geratzen da. Gainera, enpresek, inbertsio-funtsek eta jabe handiek espekulaziorako etxebizitzak metatzea ahalbidetzen jarraitzen da. Era berean, etxebizitza turistikoen gaineko OHZren errekargua zona jakin batzuetara mugatzen da, eta udalen borondatearen arabera aplikatuko da.

Sindikatuak salatu du akordioak ez diola sakoneko arazoari heltzen: etxebizitza negozio gisa tratatzen da oraindik, eta ez eskubide gisa. Urteak daramatzagu jabeei pizgarri fiskalak emateko politikekin, eta ez dute lortu etxebizitza eskuragarria izatea. Hala ere, EAJk eta PSEk eredu horretan sakondu nahi dute.

ELAk foru aldundiei eskatu die beren eskumen fiskalak erabil ditzatela higiezinen espekulazioari aurre egiteko, etxebizitzen metaketa modu eraginkorrean zergapetzeko eta higiezinen negozioaren pribilegio fiskalak ezabatzeko. Era berean, erakundeei etxebizitza-politiken erabateko aldaketa eskatzen die, prezioen esku-hartzean, etxebizitza hutsen mobilizazioan eta alokairuko parke publiko nahikoa sortzean oinarrituta.