Euskadiko Etxebizitza Politika

ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzak onartutako etxebizitza dekretuak ez diola arazoari benetako irtenbiderik ematen

2026/04/21
ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzak onartutako etxebizitza dekretuak ez diola arazoari benetako irtenbiderik ematen
Orain arteko politika kontinuista, baztertzailea eta eraginkortasunik gabea sendotzen du

Eusko Jaurlaritzak abenduko etxebizitza legea osatuko duen urgentziazko neurrien dekretua onartu du gaur. Neurri honek hainbat esparrutan aldaketak suposatzen ditu, baina ez da aldaketarik aurreikusten aurreko gobernuek hartutako neurriekin alderatuta.

ELAren ustez, Eusko Jaurlaritzak “ezkutu sozial” gisa aurkeztu nahi izan ditu neurriak, baina diskurtso hori faltsua da. “Ezkutu soziala” hirugarrenek sortutako arazoei aurre egiteko erabiltzen da; kasu honetan, aldiz, etxebizitza politiketan urteetako inakzioaren ondorioak estaltzeko erabiltzen ari dira.

Etxebiden izena emateko gutxienez 3 urteko errolda

Etxebiden izena emateko baldintzak gogortzen ditu dekretuak: orain arte nahikoa zen urte bateko erroldarekin, baina orain izena emateko 3 urteko errolda behar izango da. Neurri horrek zuzenean kanporatzen ditu kolektibo zaurgarrienak, bereziki pertsona migranteak edo egoera prekarioan daudenak, askotan ezin baitute aukeratu non bizi.

ELAren arabera, neurriaren benetako helburua ez da etxebizitza arazoari erantzutea, baizik eta Etxebiden izena emanda dauden 100.000 pertsonatik gorako zerrenda artifizialki murriztea. Arazo nagusia, ordea, ez da eskaera handia, baizik eta etxebizitza publikoen eskaintza eskasa.

Diru-laguntzen eredua sendotzen da, jabe pribatuen mesedetan

Dekretuak gazteei zuzendutako diru-laguntzen baldintzak lausotzen ditu (Gaztelagun programa), baina ELAk berriz ere ohartarazi du politika horiek ez direla eraginkorrak. Gazteei emandako diru-laguntzekin, diru publikoaren transferentzia bat ematen da jabeen esku geratzen dena. Gainera, horrelako neurriek alokairuen prezioen hazkundea ekartzen dute.

Gazteek benetan behar dutena alokairu publikoko etxebizitza eskuragarriak dira, eta ez merkatu librean sartzeko diru-laguntzak.

Bizigune: izaera soziala lausotzen ari da

Bizigune programak ekarpen positiboa egin dezakeen arren hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko baliagarria izan daitekeelako, dekretuak proposatzen duen neurriek programaren izaera soziala alda dezakete.

Diru-sarreren muga nabarmen handitzeak (46.000 eurotik gora) programa “klase ertainera” zabaltzen du, eta ondorioz, hasierako helburua —kolektibo zaurgarriei irtenbidea ematea— lausotu egiten da. Gainera, kasu batzuetan 1.100 eurotik gorako alokairuak ordaintzera iritsi daiteke, inolako muga errealik gabe.

Are gehiago, agerikoa da urteetan zehar programaren erabilera ez dela arraskastatsua izan, jabedun asko ez dira programan sartu orainarte, nahiz eta trukean jasotzen duten partida ekonomikoa eta baldintzak hobetu, beraz ELAren ustez neurriaren porrota adierazten du.

Tentsio-eremuak: eragin oso mugatua

Dekretuarekin batera tentsio-eremuetan alokairu prezioen mugak ezartzen dituen prezioen indizeak publiko egin dira gaur. Eusko Jaurlaritzak berak aitortu du neurriak soilik alokairu merkatuaren %10ari eragingo diola, eta, beraz, inpaktu oso mugatua izango duela.

ELAren ustez, gainera, euskal administrazio publikoek trabak jarri dituzte tentsio-eremuen garapenean, eta borondate politiko falta agerian geratu da neurri eraginkorrak ezartzeko orduan. Adibidez, EAEko Aldundiek beharrezkoa informazioa oso berandu bidali dute. Eta gainera, Eusko Jaurlaritzak udaletxeen esku utzi du norbera tentsio-eremu gisa deklaratzea (Nafarroan, adibidez, Nafarroako Gobernuak 21 udalerri deklaratu zituen zuzenean). Hau da, Eusko Jaurlaritzak ez du borondaterik izan hau aurrera ateratzeko.

Ondorio argia da ELAren ustez dekretuak politika antzua eta baztertzailea dakarrela: batetik, pertsona zaurgarrienak etxebizitza publikoetatik kanpo uzten ditu; bestetik, diru-laguntzetan oinarritutako eredua indartzen du, benetako bultzadarik eman gabe alokairu publikoko etxebizitzak sortzeari; gainera, tentsio-eremuetarako neurriak ia sinbolikoak dira, eta horri guztiari gehitzen zaio aurrekontuetan mantentzen den azpifinantzaketa nabarmena.

Egoera honen aurrean, ELAk aldarrikatzen du egoera irauli ahal izateko beharrezkoa dela etxebizitzaren arazoa osotasunean jorratzea. Horretarako ezinbestekoa da: etxebizitzarako eskubide subjektiboa bermatzea, behar duenari etxe bat emanez, eta prestazioen alternatibarekin amaitzea; eraikitzen diren babes ofizialeko etxebizitza guztiak alokairuzkoak izatea; etxebizitzara bideratutako gastu publikoa handitzea, BPGaren gutxienez %2 modu iraunkorrean esleituz; EAE osoa tentsio-eremua deklaratzea, salbuespenik gabe, eta gehienezko alokairu-indizea hemen erabakitzea; egun dauden 45.000 etxebizitza hutsak mobilizatzea eta alokairura bideratzea; etxebizitza eraikitzeko eredua publiko baterako pausuak ematea; eta etxebizitza turistikoak eta aldi baterako alokairuak mugatu eta kontrolatzea.