Bizkaiko autobideak

“Greba deituko dugu hitzarmenen negoziazioan blokeoa amaitzen ez bada”

2023/03/24
Supersurreko, Artxandako Tuneletako eta AP-8aren Bizkaiko tarteko langileek eutsi egiten diete mobilizazioei. Enpresa hauetako langileek protesta ekintza egin dute goizean Bilbon, eta mezu argia utzi nahi izan dute: “gure hitzarmenen negoziazioan blokeoa amaitzen ez bada, greba deituko dugu”.

Bizkaiko autobideak kudeatzen dituzten enpresak, zeintzuk Bizkaiko Foru Aldundiaren Interbiak erakundearen menpe dauden, baldintzak okertzen ari dira eta langile kopurua murrizten; honek ematen den zerbitzuari kalte eragiten dio. Azken urteetan autobide horien ustiapena egiten duten Gesbisa eta Transbisa enpresen helburu bakarra da postuak automatizatu eta ordainlekuetan langileak kentzea, mantentze-lanetan eta oro har kolektibo guztietan aurreztea; aitzitik, ordainsaria garestitzen ari da eta erabiltzaileei zerbitzu txarragoa ematen zaie, etengabeko murrizketen ondorioz.

Gainera, enpresa hauek langileen baldintzei erasaten ari zaizkie; hitzarmenen negoziazioa blokeatzen saiatzen dira, argudiatuz marjinarik ez dietela uzten baldintza-agiriek (hauek arautzen dituzte 2026ra arte zerbitzua eskaintzeko aukera eman zien lehiaketak).

Autobide guztietako ordezkari sindikalek INTERBIAKi eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diote inplika daitezela gatazka hauei irtenbide bat emate aldera. Alabaina, ELAk sektorean duen arduradun Gaizka Miguelek azpimarratzen duenez, “haien erantzun bakarra izan da gutun bat igortzea, zeinetan esaten den espero dutela alderdiak elkarrizketan aurrera egitea”.

“Enpresek hitzarmenetan egungo lanpostuak benetan bermatzen ez badituzte eta plataformak garatzen hasteko lan-baldintzak hobetzeko oinarritzat KPIa hartzen ez bada, berehala mobilizazio gehiago eta greba egunak izango dituen egutegi bat iragarriko dugu”.