%48ko soldata igoera NH Villa de Bilbao eta Barceló Bilbao Nervión Hoteletako gela garbitzaileentzat

2018/12/18
NH Villa de Bilbao eta Barceló Bilbao Nervión hoteletako gela garbitzaileak greban zeuden joan den azaroaren 2tik hona, beren lan-baldintzak hobetze aldera. Soldatak Constant taldearen estatu mailako lan-hitzarmenekoak ziren.

Barceló Bilbao Nervión hoteleko garbitzaileek gelako 2,5 euro jasotzen zuten (honek hilean 800 euroko soldata esan nahi du, aparteko pagak barne); kontratuak, gehienak aldi baterakoak, lege iruzurrean eginda zeuden, eta ratioak gehiegizkoak ziren. Benetako esplotazio egoera, alegia.

NH hotelaren kasuan, berriz, duela bi urte izan zen gatazkaren ondoren soldata urtean 13.000 euro gordinekoa zen.

Abenduaren 12an NH Villa de Bilbaoko azpikontratako langileek amaitu egin zuten greba, enpresarekin akordioa iritsi ondoren; soldatak 2019an %30 gehituko dira (urtean 17.500 euro), eta 2020an ostalaritzako hitzarmena oso-osorik aplikatuko zaie (20.000 euro inguru), hots, grebari esker 13 hilabetetan soldatak %48 igoko dira, eta ostalaritzako hitzarmen probintzialeko baldintza guztiak ere bermatuko dira.

Barceló Bilbao Nervión hoteleko gela garbitzaileentzat 2019 urteko igoera %30ekoa izango da (urtean 17.500 euro); 2020an 18.500 euroko soldata izango dute, eta 2021ean ostalaritza hitzarmena aplikatuko zaie oso-osorik; hartara soldatak urtean 20.000tik gora eurokoak izango dira.

Gainera, enpresak berronartu egingo ditu greban kaleratutako langileak edota kontratua amaitu zaienak, eta aldi baterako beste langileentzat lan-poltsa bat sortuko du, kontratatzerakoan lehentasuna izan dezaten.

Bi hoteletan Constant taldeak lan egutegi bana egingo du, lan egunak, egun libreak, oporraldiak eta jai egunak jasotzeko; izan ere, horrela saihestuko dira orain arte era guztiz irregularrean eta ordainik gabe gertatzen ziren lanordu gehigarriak.

Behin akordioa sinatuta, Barceló Bilbao Nervióneko langileek greba bertan behera utzi eta lanera itzuliko dira bihar, abenduaren 19an.

ELAk, gatazka honetan langileok lagundu dituelarik, bi hoteletako azpikontratetan dihardutenei zorionak helarazi dizkie, beren lan baldintzak hobetzeko egin duten borroka dela eta, horrela pairatzen ari ziren esplotazio egoerari amaiera eman baitiote. ELAren ekintzak helburu nagusi bat du, prekarietatearen aurkako borroka; gatazkan bizi izandako arazo guztiak gorabehera, oraingoan ere esan dezakegu borrokak merezi izan duela.

Azkenik, greban izan diren langileek eta ELAk hotelen inguruan bizi diren auzokideei esker ona adierazi nahi diete kantak, bozinak eta aldarrikapenak jasateagatik; barkamena eskatzen dugu gure borrokak eragin dituen eragozpenengatik.