Bilboko Udaleko 76 langilek –proba egin zaien 121etik– positibo eman dute koronabirusean

2020/04/08
ELAk Bilboko Udalean duen atal sindikalak salatu du apirilaren 7an koronabirusaren testa egin zaien 121 udal-langileetatik 76k positibo eman dutela, hau da, % 62,81ak. Horiei etxean konfinatuta jarraitzen duten dozenaka langile gehitu behar zaizkie, Covid-19ren sintomak izan arren, euren ezaugarriak medio ez baitzaie testik egin.

Bilboko Udaleko langileen kutsadura-datuak beste funtsezko zerbitzuenak baino askoz handiagoak dira, IFAS (Egoitza Publikoak) edo Ertzaintza kasu, hauek arrisku egoeran nabarmenago egon arren. Udalean bertan funtsezko zerbitzuetan positibo eman dutenak %7 inguru dira.

Hona hemen baieztatutako positiboen beste adibide batzuk: Bizkaiko Aldundia: 9/3.000 (% 0,3). IFAS: 24/1.100 (% 2.18). Ertzaintza: 134/7.000 (% 1.91). Bilboko udalerria: 1432/350.000 (% 0,41). Bilboko Udala: 76/2.450 (% 3,10).

ELAren iritziz, datu lazgarri horiek erakusten dute langileriaren osasuna ez dela lehentasuna izan Udalarentzat, eta gogorarazi du sindikatuaren salaketak izan arren, Lan Ikuskaritzak jarduera gelditzeko imintziorik ez duela egin. 

Martxoaren lehen hamabostaldian gertatutakoa funtsezkoa da langileek jasaten duten kutsatze-maila ulertzeko, udal honetako langileen segurtasuna bermatzeko erabaki ausartak eta ezinbestekoak hartzeko egunak izan baitziren. ELAk exijitu zuen San Agustin publikoari ixtea, baita CMDren erregistroak zein Gizarte Ekintzaren arreta zerbitzua. Telelana ahalik eta gehien sustatzea aholkatu zen, eta norbera babesteko ekipamenduak banatzea aurrez aurre lan egin behar zuten langile guztiei

Ekintza eta koordinazio faltan, inprobisazioaren erdian, berandu eta gaizki iritsi ziren sindikatuaren eskakizunei emandako erantzunak. Eta ondorioak nabariak dira orain.

Azkenik ELAk Juan Maria Aburto alkateari eskatu dio egoeraren ardura har dezala eta hartu ditzala neurriak serioski. Aldi berean azpimarratu du beharrezkoa dela elkarrekin lan egitea Bilboko langileen eta herritarren osasuna zaintzeko.