ARTXANDAKO FUNIKULARRA

Artxandako funikularrean kudeaketa eraginkorra bermatzeko eskatu dio ELAk Bilboko Udalari

2024/03/07
Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun sailak iragarri du enpresa bat kontratatuko duela Artxandako Funikularrean auditoria bat egiteko. ELAk ez daki zein den auditoria horren helburua, baina sindikatuak argi du bajen arrazoiak azaleratzeko balio beharko lukeela, eta, zehazki, gabezia teknikoek eta antolakuntzakoek funikularreko langileen osasunean duten eragina azaleratzeko. Enpresako zuzendaritzak neurri egokiak hartzeko erantzukizuna du, ahal duen heinean horrelakoak saihesteko; neurri horiek ez ditu hartu. Funikularrean auditoria bat iragartzeak ez ditu langileen arazoak eta zerbitzua konponduko. ELAk neurri zehatzak eskatu ditu

Gogora dezagun Artxandako funikularrak urtetik urtera erabiltzaile kopuru errekorrak apurtzen dituela: auzokoentzako garraiobidea izatetik erakarpen turistiko izatera igaro da. 2023An, 1.3 milioi bidaiari izan ditu, iaz baino 100.000 gehiago. Hala ere, plantillaren egitura ez da aldatu denbora horretan guztian.

Gainera, txanda bakoitza 6 pertsonatan egituratuta dago kalitatezko zerbitzu baterako, baina gutxienez 4ko talde bat ezartzen da funikularrak funtziona dezan. Denboraren % 80n, txandak 4 pertsonakoak dira. Horrek langileengan du eragina; izan ere, 4 pertsonaren artean egiten dute 6ren lana, gero eta erabiltzaile gehiago dagoenean.

Azpimarratu behar da absentismoa, enpresako zuzendaritzaren arabera, lanera ez joateko arrazoi anitzek osatzen dutela: gaixotasun-baja, ordu sindikalak, baimenak, lizentziak…

Errealitate horren aurrean, premiazkoa da azterketa sakona egitea gehiegizko lan-kargei buruz (ordezkapenen eremuko antolamendu-gabezien ondoriozkoak), atsedenaldi nahikorik ez izateari buruz, gabezia teknikoei buruz, hala nola bagoietako segurtasun-sistemetako akatsei buruz, eta abar. Are gehiago kontuan hartuta funikularraren maiztasuna handitzea onartu dela, eta, beraz, funikularra 15 minuturo izatetik 10 minutura igaroko dela. Horretarako, ez da antolamendu berregituraketarik aurreikusten.

Azkenik, azpimarratu behar da zerbitzuaren arduradunak, Nora Abete mugikortasuneko zinegotziak, ez zuela jakinarazi astearteko agerraldian duela gutxi gertatu zen istripua; izan ere, instalazioen egoera ezegonkorragatik, hainbat pertsona kaltetu ziren. Langileek euren buruari galdetzen diote gorabehera hori ere jasoko ote den auditorian, eta ea aztertuko ote diren pertsonen osotasuna arriskuan jartzen duten funikularraren antolakuntza eta teknika gabeziak.

Horregatik guztiagatik, ELAk Udalari eta Funikularrari eskatu die plantillaren erreklamazioak entzun ditzatela eta neurriak har ditzatela bai lan baldintzak, bai emandako zerbitzua hobetzeko, are gehiago erabiltzaile kopurua nabarmen handitzea aurreikusten denean.