Athletic “Garbikuntza” Club taldearen garaipen berria, oraingoan Vidarteren Ukiezinen aurka

2021/08/20
Goizean Prekaritatearen Ligaren bigarren jardunaldia ospatu da Guggenheim Museoko Zabalgunean. Partida zirraragarri batean Athletic “Garbikuntza” Club taldeak, –Guggenheim Museoko garbitzaileez osatutako taldea–, garaipena lortu du Vidarteren Ukiezinen aurka. Talde honen kapitaina Juan Ignacio Vidarte da, Museoko zuzendaria. Ez da partida erraza izan. Vidarteren Ukiezinak talde borrokalaria da, babes mediatiko eta soziala duten pertsona eta erakunde pribilegiatuz osatua. Talde klasista bat, lan prekaritatea sortzen duena.

Athletic “Garbikuntza” Club taldeko jokalariek euren poza adierazi dute partidaren ostean. Ez da harritzekoa. Izan ere, kontutan izanda iragan astean Precarity United-en aurka garaipena lortu zutela, sailkapenaren buruan daude, orain arte jokatutako bi partidak irabazita. Partidaren ostean Athletic “Garbikuntza” Club taldeko kideek azpimarratu dutenez sasoi betean daude, eta ez dute etsiko Prekaritatearen Liga irabazi arte. Izan ere, saria potoloa da: soldata arrakalarekin amaitzea.