BILBOKO UDALEKO GARBIKUNTZA
Azpikontratatutako emakume langileek soldata arrakala ezabatzea eskatu dute

FCC (UTE BIO ERAIKIGARBI) enpresak azpikontratatuta, Bilboko Udalaren eraikinak garbitzeaz arduratzen diren langileek elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean, gobernu taldeak dagokion erantzukizuna bere gain har dezan eta jasaten duten soldata arrakala ezabatzeko beharrezko neurriak har ditzan eskatzeko. Izan ere, Udalarentzat lan egiten duten eta kaleak garbitzeaz arduratzen diren gizonezko lankideek % 80 gehiago jasotzen dute soldatetan, antzeko garbiketa lanak egiten dituzten arren. Gainera, kolektibo maskulinizatu horren kasuan, eta eraikinak garbitzen dituzten garbitzaileen kasuan ez bezala (kolektibo feminizatua), ia ez dago partzialtasunik. Gauzak horrela, erakunde publikoari eskatu diote aldeen arteko bitartekaritza egin dezala eta FCC enpresa behartu dezala esertzera akordio bat lortzeko. Enpresak negoziatzea onartzen ez badu, langileek mobilizazioak areagotzea ez dute baztertzen.
Langileek hilabeteak daramatzate enpresarekin hitzarmen bat negoziatzen, beren lan baldintzak hobetzeko eta Udalean bertan eraikinen garbiketarako kontrataren eta kale garbikuntzako kontrataren artean dagoen soldata arrakala ezabatzeko.
Gogoratu behar da sektore feminizatu bat dela, lan karga konstanteak eta lanaldi partzialak dituztela -horiek hobetzeko aukerarik gabe-, eta familia eta lana uztartzeko zailtasunak dituztela. Horretaz gain, hilaren amaierara iristea ahalbidetzen ez duten soldatak dituzte.
"Onartezina da administrazioak sektorean dagoen desberdintasuna babestea eta zerbitzu publikoak enpresa pribatu baten bidez egitea ahalbidetzea, etekin ekonomikoak lortzeko helburu bakarrarekin", deitoratu du ELAk.