Basurtuko Ospitaleko bihotz-kirurgiako zerbitzuaren itxierak langileak kaleratzea du helburu

2022/03/10
ELAk salatu du Basurtuko Ospitaleko (Bilbo) bihotz-kirurgiako zerbitzuaren itxieraren atzean - Osakidetzak dio berregituraketa hutsa dela- plantilla murrizteko estrategia bat dagoela. Osakidetzak Basurtuko Ospitalean eta Gurutzetako Ospitalean eskaintzen zen zerbitzu bat kendu nahi du; orain, ezkerraldeko Ospitaletik soilik eskaintzea proposatzen du. Hala ere, sindikatuak salatu du kontua ez dela soilik zerbitzu bat lekuz aldatzea, baizik eta langile gutxiagorekin eskaintzea, hau da, plantilla murriztuz. Izan ere, ziurtatu du langile askori dagoeneko ohartarazi dietela uko egin behar dietela egungo kontratuei. “Horrek, argi eta garbi, kaleratzea dakar”, kexu da sindikatua.

Egoera horren aurrean, ELAk bilera bat eskatu du Basurtuko Ospitaleko Zuzendaritzarekin, erabaki horri buruzko informazio zehatza jasotzeko; hala ere, bi aste geroago, ez du erantzunik jaso.

Osakidetzak azken hilabeteetan murrizketa ugari inposatu dituela gogorarazi du ELAk: Gasteizko Santiago Ospitaleko Larrialdiak itxi dira, Areetako anbulatorioko odontologia-zerbitzua murriztu da, eta biztanleriaren zati handi bat zerbitzu pribatura bultzatu da, besteak beste. Hori dela eta, langileen eta herritarren babesa izan duten hainbat mobilizazio egin dira.

Sindikatuak baieztatu duenez, mobilizazioekin jarraituko dute Osakidetzak inposatu nahi duen prekaritatearen aurka.