GUIMON KLINIKA

Beste hiru greba egun apirilean

2024/03/14
Aste honetan zehar eginiko hiru greba egunek erabateko jarraipena izan dute. Beste hiru greba egun deitu dituzte apirilaren 9, 10 eta 11n. Guimón Klinika etengabe ari da grebalarien eskubideak urratzen, eta horren aurrean, ELAk demanda aurkeztu du epaitegietan.

Bilboko Guimon klinikako grebaren jarraipena erabateko izaten ari da, nahiz eta enpresa honen arrakasta oztopoatzen saiatzen ari den: ezarritako gutxieneko zerbitzuak baino langile gehiago behartu ditu lanera, bai zentralitan dauden langileen artean, bai garbitzaileen artean. Horren aurrean, ELA sindikatuak demanda aurkeztu du, eta kalteordainak eskatu.

Greba aurreko egunetan, Guimón Klinikako administrazio kontseiluak enpresa batzordearekin bildu zen. Negoziaketan aurrerapausorik eman baino, enpresaren egoera “azaltzeko” batzarra izan zen. Bertan, enpresak justifikatu gabeko datuak bakarrik eman zituen, eta ondoriozta daiteke enpresak langileen interesen kontrako erabakiak hartzen ari dela, baita enpresa beraren biziraupenaren kontrakoak ere, eta horien erantzule egin nahi du plantilla bera.

Sektoreko soldatarik prekarioenak dituzte Guimoneko langileek. Kategoria askotan gutxigatik gainditzen da 1.000 euroko langa, eta klinikako bazkideen artean, aldiz, orain dela gutxi mozkinak banatu dituzte. Sektoreko beste enpresa batzuekin alderatuz gero, batez beste 650 euro gutxiago kobratzen dute hilean. Horri partzialtasun handia, ordezkapen falta edo laneko segurtasun eta osasunerako neurri falta batu behar zaizkio.

Enpresak badaki zeintzuk diren sindikatuak eta plantillak beharrezkoak ikusten dituzten edukiak, eta horietara egokitzen den proposamena aurkeztu ezean, langileek mobilizatzen jarraituko dute. Horregatik, beste hiru greba egun dituzte deituta apirilaren 9, 10 eta 11n.