Bilboko Guggenheimeko garbitzaileek greba egingo dute ekainaren 21era arte lan baldintza duinak eskatzeko

Alde batetik, soldata arrakalarekin amaitzea eta lan-baldintzetan hobekuntzak aldarrikatzen ditute. Izan ere, langile gehienak emakumeak dira -asko duela 20 urtetik, museoa inauguratu zenetik, ari dira bertan lanean-, eta hileko batez besteko soldata 600 euro ingurukoa da. Soldata horiek kaleak garbitzen dituzten langileekin (batez ere gizonezkoak) alderatuz gero, esaterako, aldea 7.941 eurokoa da urtean; horrek esan nahi du %49,81ekoa dela arrakala. Guggenheim Museoak eta Ferrovial Servicios enpresak, ordea, ez dute onartzen arrakalik dagoenik, eta izandako bileretan uko egin diote soldatak eta jardunak hobetzeari.
Bestalde, urte luzez jasaten ari diren lan-kargak ere murriztu behar dira. Garbiketa zerbitzua esku pribatuetan uztean, Ferrovial Servicios enpresak lehentasuna ematen dio etekinei, langileen osasunaren kalterako, eta lizentziak, oporrak edo aldi baterako ezintasuneko egoerak daudenean ez dira langileak ordezkatzen, kostu hori aurreztearren. Gainera, lanaldi partzialak ere konpondu beharreko beste arazoetako bat da, langile batzuen soldata ez baita horregatik hileko 600 eurora iristen.
Guggenheim Museoak dio ez duela inolako erantzukizunik garbitzaileekin, eta lehen egunetik langileak presionatu ditu mobilizatu ez daitezen. Enpresak ere presioa egin du grebarik egin ez dezaten. Ez dute lortu. Garbitzaileek irmo eusten diote bizi duten prekaritatea eta arrakala ikusarazteko mobilizazioei, non eta diru publikoarekin finantzatzen eta Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalaren babesa duen titaniozko eraikinean.
Horregatik, Bilboko Guggemheim garbitzaileek gaur hasi dute greba, eta ekainaren 21era arte hainbat mobilizazio egingo dituzte. Ekainaren 11n, adibidez, museoaren atariko zabalgunean ‘erakusketa-protesta’ bat egin dute: langileek eurek zenbait artelan irudikatu dituzte, horien bidez bizi duten prekaritatea antzezteko. Halako ekintza gehiago egingo dituzte datozen egunotan.