Bilboko NH eta Barceló hoteletako garbikuntza lanetako langileek bi aste daramatzate greban

2018/11/16
Ehunka pertsonaren elkartasuna jaso dute Bilboko NH eta Barceló hoteletako grebalariek; izan ere, 15 egun bete dituzte greba hasi zutenetik. Adolfo Muñoz `Txiki´ idazkari nagusiak ere parte hartu du manifestazioan. Mobilizazioaren bidez grebalariek bizi duten prekarietate larria salatu nahi da: 2,5 euro baino ez dute kobratzen garbitzen duten logela bakoitzeko, eta 800 euroko soldata jasotzen dute hilero (kasurik onenetan), aparteko ordainsariak barne.

Halaber, ELAk ohartarazi du Barceló eta NH hoteletako zuzendaritzek greba eskubidea urratu dutela greba hasi zen egunetik; izan ere, kanpoko beste enpresa bat sartu dute langileak ordezkatzeko. Egoera hau Lan Ikuskaritzan salatu du ELAk, baina oraindik ez du erantzunik jaso. Egoera honek langileak erabateko defentsarik gabe uzten ditu; honen aurrean Lan Zuzendaritzak eta Ikuskaritzak ez dute neurririk hartu.