Bilboko Udalak, Gizarte baztertze arriskuan dauden pertsonak kontratatzen ditu udaleko lanpostu estrukturalak betetzeko, langile propioen soldata erdia ordainduz

2019/10/23
Urtero bezala, Bilboko udalak, bere enplegu plana dauka aurten ere. Bai Eusko Jaurlaritzatik, Estatutik eta Europatik datozen diru funtsak erabilita, langileak kontratatzen ditu udalak, puntualak diren lan eta beharrak betetze aldera, bai udalean eta baita udaleko enpresa publikoetan ere. Plan hauei suposatzen zaien helburua enplegua sustatzea bada ere, errealitateak ezetz esaten digu.

Plan hauen bitartez kontratatzen diren pertsonek, 2 betebehar izan behar dituzte. Lanbideko lan zerrendetan izena emanda egotea, eta kasu batzuetarako, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen egotea.

Era berean, plan hauen barnean egiten diren kontratuek ere ezaugarri batzuk bete behar dituzte. Gehienez ere 6 hilabeteko luzatu ezin diren kontratuak egin behar dira (ezegonkortasun eta behin behinekotasun sakona) eta bestalde, kontratatzen diren pertsonek ezin izango dituzte estrukturalak diren lanpostuak bete eta lan puntualak egin beharko dituzte.

Bilboko udalak aldiz, plan hauek eta langile hauek erabiltzen dituzte dauzkan lanpostu eta behar estrukturalei aurre egiteko. Bai ELAk eta bai langileek behin eta berriz udalean sail askotan dagoen langile falta izugarriari aurre egiteko, langile hauek kontratatzen ditu lanpostu horiek betetzeko.

Langileen lan baldintzak erabat prekarizatzeko modu bat da hau, izan ere, prekarioak diren behin behineko kontratuen bidez (gehienez 6 hilabete) eta Udaleko eta udal enpresatako lan hitzarmenak bete gabe betetzen dituzte lanpostuak, beste behin ere langileen lan baldintzen bizkar. Soldatari begiratuz, adibidez, enplegu planetako langile hauek, (langabezia kronikoa eta egoera kritikoak jasaten dituztenak) udalarenak izango balira kobratuko luketenaren soldata erdia kobratzen dute, Udaleko lan hitzarmenak esaten duenari jaramonik egin gabe.

Egoera hau oso larria den sail bat, Gizarte Ekintza da, non plan hauek eta langiule hauek erabiltzen dituzten behin eta berriz, dagoen lan eskerga eta langile faltari aurre egiteko. Baita ere salatu nahi dugu, sail honetan bertan, egokiak ez diren neurriak hartzen ari direla. Adibidez, adingabekoen eta familien kasuetan, lehenengo txostenak, Gizarte Langileek egin behar dituzte, baina dagoen langile falta dela eta, beste neurri batzuk hartu beharrean, horrelako gai delikatu baten aurrean, udalak azpikontratatu egiten du lan hau eta ez dute txosten hori gizarte langileek egiten.

ELAtik Bilboko udalari exijitzen diogu langileen lan baldintzak prekarizatzeko bidea alde batera utzi dezala. Udaleko bertako eta udal enpresatako lanpostu estruktural guztiak, behingoz bete ditzala lan baldintza duinetan lan egingo duten langileekin eta udalaren eta udal enpresen menpe lan egiten duten langile GUZTIEI udaleko lan hitzarmena aplikatu diezaiela.