Bilboko Udalak haurdun egoteagatik lanik gabe utzitako suhiltzailea kontratatzea erabaki du, dagokion legez
Gogoratu dezagun duela zenbait hilabete, suhiltzaile horrek haurdun zegoela jakinarazi zuela lantokian. Lan-osasuneko protokoloei jarraituz, bere baldintzetara egokitutako lanpostu batera berresleitu zuten, haurdun izaki. Bitarteko kontratua amaitu zitzaionean, langile horri, kontratazio-zerrenda berrian duen posizioagatik, beste izendapen bat egitea zegokion, baina Udalak, lan-poltsak kudeatzeko irizpideei jarraitu gabe, kontratu gabe utzi zuen.
Udalak zioen, haurdun dagoenez, ezin zuela suhiltzaile lanik egin. Hori dela eta, lan-poltsaren zerrendatik kanpo utzi, eta kontraturik gabe geratu zen. Ondorioz, kontratazioaren zerrendatik kanpo geratzekoa zen haurdunaldian zein erditze ostetik errekuperatzeko beharko dituen hurrengo hilabeteetan.
ELAk egoera hau salatu zuen, Udalarekin hainbat bilera izan ostean, ez baitzuen inolako aldaketarik lortu. Orain, aldiz, erabakia aldatu du Udalak. Horregatik, sindikatua ziur da “ekintza sindikalaren fruitua” izan dela, eta langileari berez zegokiona esleitzea besterik ez duela egin Udalak. Horren aurrean, ELAk benetako berdintasunaren alde jarraituko du lanean.