Bilboko Udalak lanpostu berri bat eskaini du, euskara eskakizuna eskatu gabe

2020/07/17
"Bilboko Udalak, legea ez betetzeaz gain, agerian utzi du euskararen normalizaziorako sentsibilitate gutxi duela", salatu du ELAk. Gaineratu duenez, "susmagarria" da lanpostu bererako dagokion ingeles-eskakizuna ez eskatzea. "Susmo handiak sortzen ditu lanpostu honen sorrerak eta Udalak zertarako erabili nahi duen", laburbildu dute. Gauzak horrela, Udalari eta, bereziki, Bilbao Ekintzako zinegotzi arduradun zuzenari -egoeraz jabetuta- eta Euskara zinegotziari egoera hori berehala zuzentzeko eta lanpostu berriari dagokion euskara-eskakizuna esleitzeko eskatu die.

ELAk adierazi du Bilboko Udalak lanpostu berri bat sortu duela Bilbao Ekintza enpresa publikoan, inolako euskara-eskakizunik gabe eskainiko duena, nahiz eta legeak propio jasotzen duen lanpostu berriei hizkuntza-eskakizuna esleitu behar zaiela.

Gogorarazi du Bilbao Ekintza Bilboko Udalaren enpresa publikoa dela, hiriaren sustapen ekonomikoa egiten duena, zehazki, Udaleko enpresa publiko handiena.

Uztailean, Bilbao Ekintzaren premia zela eta, lanpostu berri bat sortu zuen eta ez zion goi-mailako teknikariaren lanpostuari hizkuntza-eskakizunik esleitu. Lanpostu hori ez da nolanahikoa, eta Merkataritzarekiko Harremanetarako arduradunaren lanpostua da.

Besteak beste, eginkizun hauek ditu:

"Kirol-, kultura- eta biltzar-ekitaldiak eta hiri-ekitaldi handiak egitea eskatzen duten neurri/jarduera logistikoak, antolakuntzakoak, segurtasunekoak eta abar koordinatzea, udal-arlo eta -enpresa, herri-administrazio eta sustatzaile/entitate/enpresa sustatzaile nazional eta nazioartekoekin".

Hau da, Bilboko enpresekin, merkataritzarekin eta ostalaritzarekin eta erakundeekin harreman zuzena izan behar duen pertsona batek beteko du lanpostu hori.

Legeak dio lanpostu berriei hizkuntza-eskakizuna esleitu behar zaiela. "Horrela, Bilboko Udalak, legea ez betetzeaz gain, agerian utzi du euskararen normalizaziorako sentsibilitate gutxi duela", azpimarratu dute.

Gainera, Bilbao Ekintzak "euskararen normalizazioan anbizio gutxi" duela salatu dute, bai barne harremanetarako, bai kanpo harremanetarako. Enpresak ez du euskara normalizatzeko plan eraginkorrik, eta ez du plan hori egiteko asmorik ".