Bilboko Udalak SAMUR Udal Anbulantzia Zerbitzua kenduko duela iragarri du

2021/10/14
ELAk, LABek, Polizia eta Larrialdietako Euskal Sindikatuak eta CCOOk salatu dutenez, Bilboko Udaleko Gobernu Taldeak SAMUR udal-anbulantziako zerbitzua itxi nahi du 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera. Bilbon soilik jarduten duen titulartasun publikoko larrialdi-zerbitzu eta osasun-larrialdietako zerbitzu bakarra da eta 100 urte baino gehiago ditu. Hala jakinarazi die sindikatuei, gaur, urriaren 14an, egindako Negoziazio Mahaian. Bertan, zerbitzu hori ematen jarrai dezakeela onartu du Udalak, horretarako eskumena duen heinean, eta, beraz, argi utzi du erabakiak herritarrentzako funtsezko zerbitzu baten aurkako borondate politikoari erantzuten diola.

Sindikatuek azpimarratu dutenez, urrats honekin EAJ-PSEk -Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotzia eta Amaia Arregi Herritarren Segurtasunerako zinegotzia- osatutako Gobernu Taldeak zerbitzu publikoak suntsitzeko zerbitzu pribatuak ezartzeari ate berri bat ireki dio. Gauzak horrela, erabakia hausnartzeko eta aldatzeko eskatu diete bi alderdiei.

EAJk eta PSEk -Juan Maria Aburto alkatea eta Alfonso Gil zinegotzi sozialista buru- alde bakarrez eta gainerako talde politikoen babesik eta adostasunik gabe jardun dute berriro, ordezkaritza sozialari bizkarra emanez.

Sindikatuek adierazi dutenez, funtsezko zerbitzu publiko hori ixtea -tradizionalki udal-zerbitzuetako erabiltzaileek hobekien baloratu dutena- ulertezina da Bilboko herritarrentzat, Udaleko langileentzat (bereziki, Udaltzaingoarentzat eta Bilboko Suhiltzaileentzat). Erabaki honekin, Gobernu Taldeak Udaleko Larrialdi Plana eta Bilboko Segurtasun Ituna hankaz gora utzi ditu.