Bizkaiko elikagaien merkataritzako langileek hitzarmen kolektiboa adostea exijitu diote patronalari

ELAk garbi dauka patronalak eskainitakoa nabari hobetu behar dela, are gehiago, pandemiaren ondorioz jasan dituzten lan karga jasanezinak eta enpresek izan dituen etekin handiak aintzat hartuta.
“Bada garaia hilabete horietan zehar izandako mozkinak langileekin banatzeko. Etekin horiek langileei zor dizkiete, beraien osasuna ere arriskuan jarri baitute lanean tinko aritzeagatik”, dio sindikatuak irmo.
ELAk azpimarratu duenez, balkoietako txaloak eskertzekoak izan ziren krisiaren lehen egunetan, baina langileek ez dute aitortza sinbolikorik behar, euren eguneroko lanaren benetako aitortza baizik. “Lan baldintzak nabari hobetuko dituzten ekintza zehatzak behar dira. Oinarrizko langileak zirela esan zitzaien behin eta berriz, baina euren lan baldintzetan islatu behar da hori. Txaloak debalde dira patronalarentzat, soldata duinak behar dituzte, lanaldi partzialekin amaitzea eta lan karga jasanezinak desagertzea”, kexu dira.